Aurreko agintaldia hasita hartu zuen alkate kargua Asier Garrok (Itsasondo, 1972). Orain, hasieratik ekin dio. Beko Kale urbanizatzea hartu du udalak lau urterako lanetako bat.
Bigarren agintaldia hasi duzu Itsasondoko alkatetzan. Zer moduz hartu diozu martxa?
Lehenagoko agintaldiaren jarraipena izan da. Egoera berrira egokituta, hori bai, jende berria sartu delako Udalbatzan. Jarraitzeko ilusioarekin eta erronka berriei aurre egiteko prest nago.
Udalbatzan EAJ ere sartu da, maiatzeko bozen ondorio.
EAJ oposizioan kokatu da, eta udal gobernuan ez dutela parte hartuko esan dute. Beraz, arduren banaketarako jende gutxiago gaude, eta horrek lan edo sakrifizio gehiago suposatzen du.
Udalaren funtzionamendua nolakoa izango da?
Plenoak hiru hilabetero egingo ditugu, eta lehenago ezohikoak badira. Hiru batzorde ditugu, eta hilean behin elkartzen dira, bakoitza bere aldetik. Hala ere, urtean behin hiru batzordeek batzar orokor moduko bat egiten dugu. Batzorde horiekin parte-hartzea sustatzen dugula uste dugu. Irekiak dira, eta gainera gonbidapenak bidaltzen ditugu, ahalik eta jende gehienak parte har dezan.
Aurrekoaren jarraipena izango dela aurreratu duzu. Baina nola gobernatu nahi duzue herria? Zer sistema edo tresnarekin?
Aurreko legealdian parte-hartze prozesu bat jarri zen martxan, herriari dagozkion gaiak guztion artean erabakitzeko. Herri Bizitza, Ongizatea eta Lurralde Antolamendua batzordeetan lantzen ditugu gaiak. Sistema horrekin jarraitu nahi dugu: kaleko gaiak udalera ekarri, eta guztion parte-hartzearekin erabaki.
Zer proiektu gauzatu nahi dituzue hurrengo lau urteotan?
Hainbat dauzkagu esku artean. Hirigintza aldetik, adibidez, Beko Kaleko urbanizazioa daukagu. Aurreko legealdian hasi genuen, eta hainbat parte-hartze prozesuren ondoren, aurrera eramango da. Bestetik, herritarren beharrak entzun eta erantzutea da gure helburua, betiere parte-hartzetik abiatuta eta udal arauak eta haratago doazenak errespetatzen badira. Prozesu bat egin, eta jendearen beharrak edo eskaerak jaso genituen. Horiek, noski, gauzatzen saiatuko gara. Zerrenda badago, baina helburu potoloa Beko Kale da.
Bestela, inbertsio gehiagorako aukerarik badago?
Urteko aurrekontua 800.000 euro ingurukoa izaten da. Diru laguntzek baldintzatzen gaituzte. Inbertsioa jada handi samarra baldin bada, laguntzen menpe gaude. Ez daukagu gaitasunik inbertsio handi bati aurre egiteko. Eskolaren egoera hobetzeko lanekin ere jarraituko dugu.
Kaleko argiteria aldatzen ari zarete.
Ekainean hasi ginen, eta hil honetan bukatuko dugu. Jarri dugun sistema oso ona dela uste dut. Oso efizientea izan daiteke. Farola bakoitza erregula dezakegu nahi dugun proportzioan, potentzia kontsumoan. Kontsumoa 4tik 1era edo 5etik 1era jaitsiko du. Dirutan aurrezpena handia da: argiteriak, urtean, 18.000 euroko gastua du, eta 3.000-4.000ra jaitsiko da. Horrez gain, argitasun gutxi zegoen tokietan jartzen saiatuko gara, eta gehiegi zegoenetan jaisten.
Ekonomikoki zer egoeratan dago Udala? Udaletxea berritzeko lanei buelta eman zaie?
Udaletxeko obra hiru fasetan zatitu zen, eta diru laguntzak lortu ahala joan ginen gauzatzen. Bigarren zatirako mailegu bat eskatu zen, bestela gure poltsa positiboa agortuko zatekeelako, eta ez zaigu komeni. Mailegua nahikoa baldintza onean lortu genuen, eta hor dago. Baina 30.000 eurokoa da, eta berez, nahi izanez gero, kitatu dezakegu. Bestela, positiboan dago udala. Baina, noski, ez daukagu 400.000 euroko inbertsio batean sartzeko poltsarik.
Altxortegia gizentzen joatea da zuen politika?
Hori da. Urtero altxortegia handitu, eta gero zerbaiti heldu. Argiteria berritzea 130.000 euro gehi BEZa izango da. Aldundiak %35 eman digu, EEE-EVEk %30 bat, bi mila biztanletik beherako herrietarako programatik 17.000 euro erabili ditugu…
Zer falta du Itsasondok?
Zuntz optikoa. Zerbitzu horren falta sumatzen dugu. Telefonoko sarean 3 mega badaukagu, baina gaur egun, bizi garen abiaduran, motz geratzen ari da. Helburua zuntz optikoa ekartzea da. Bidegorria egin dugunean hodia sartu dugu, hemendik San Joango mugaraino [Ordizia]. Zuntza San Joanera iritsiko balitz, herriraino ekartzeko moduan gaude. Arama-Altzagan ur zikinen hoditeriaren ondoan sartzeko ere eskatu dugu. Egunen batean, posible izango da autobiako zuntzarekin lotzea. Gizartean eta herrian behar bat da.
Gizarte arloan, zer landu nahi duzue bereziki?
Gaur egun haur txokoa (0-5 urte bitarteko haurrentzat), gazteentzako parte-hartze zerbitzua (5-10 urte) eta gaztelekua (10-16) ditugu martxan. Horien egitekoa herritarrei zerbitzu bat ematea da, herrian inplikatu eta bizia bertan egin dezaten. Bestalde, Haurren Herria proiektua ere badaukagu, eskola eta herria uztartzen dituena, gazteen inguruan lan egiteko. Martxan daude, baina beti momentuko beharrak aztertu behar dira, horien arabera modaltzeko. Bestela, etxegabetzeen aurkako neurriak onartu ditugu orain dela gutxi udalean. Kaleratzerik gabeko herria gara.
Herri bizia aipatu duzu. Gai horri zer osasun ikusten diozu?
Herri bizitza badago. Baina landu eta jarraitu nahi dugu. Jendeak herrian parte har dezan jarriko dugu indarra, bertan murgil dadin. Hori bultzatuko dugu. Herri txikia dela kontuan hartuta, egitasmo eta ekitaldi asko dauzkagu: antzerkiak, hitzaldiak, emanaldiak… Aldi berean, bizitzeko herri lasaia da, eta hori ere eskertzen da.
Agintaldi bukaeran, 2019an, nola utzi nahiko zenuke herria?
Ekonomikoki kontuak saneatuta, bizitza duen herria izan dadila Itsasondo, eta denon artean egin dugun lana jarraituko dela ziurtatuta; elkarbizitza bultzatuz, herritarron arteko harremanak sendotzeko.