EH Bildurentzat «beharrezkoa eta egingarria» da Oria pasealekuko igogailua. PSE-EEk alkatearen jarrera «iluna» salatu du. 2014an Ezkiagako auzotarrek hartutako erabakia dela gogoratu dute.
2014an parte hartze prozesua egin zuten Ezkiagan, 120.000 auzoan zertan inbertitu erabakitzeko.
EH Bilduk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Ezkiagako auzoko irisgarritasuna hobetzeko «Oriako pasealekuko igogailua beharrezkoa eta egingarria da». Aurreko legealdian udalak onartua dela gogoratu du eta «Eusko Jaurlaritzaren aldeko txosten guztiak ditu, diru partida aurreikusia dago aurrekontuetan, eta obra esleituta dago. Lanak hastea besterik ez da falta».
EAJren udal gobernuak «azkenaldian, zailtasun teknikoak eta enpresa hornitzaileen ustezko txostenak» erabili dituela salatu du EH Bilduk. «Inon ez da aipatzen ezin denik igogailua eraiki, baizik eta neurri zuzentzaileak eskatzen dira», argitu dute. Neurri zuzentzaile horiek 1.000 euroko kostua izango lukete koalizioaren kalkuluen arabera: «Hau da, igogailuaren aurrekontuaren % 1 baino gutxiago».
EH Bilduk ez du ulertzen EAJ zergatik dagoen proiektuaren aurka, «bizilagunek eskatu eta onartutako proiektua dela jakin arren. Horregatik, ez dugu ulertzen orain aitzakia teknikoak jartzea proiektua ez egiteko. Aitzakia merkeak gainera, ikusi dugun bezala».
Arazoa kokapena bada, proiektu berri bat aurkez dezala eskatu dio EH Bilduk EAJren udal gobernuari. «Zintzotasunez aztertuko dugu, auzotarrekin batera, eta onartua dagoena baino egokiagoa bada, hala adierazi eta babestuko dugu. Baina ez dugu gezurrik eta aitzakia merkerik onartzen. Ez badute igogailua egin nahi esan dezatela argi eta garbi». Bukatzeko, iruzurrik ez egiteko eskatu dio EH Bilduk alderdi jeltzaleari.
PSE-EE ere aurka
Alderdi sozialistak ere «auzotarren kaltetan» Ezkiagako eta Olarango igogailuko lanen exekuzioa gelditzea salatu du. PSE-EEk gogoratu duenez, beraien ekimenez, 2014an, Ezkiaga auzoan 120.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko aukera eman zitzaien bizilagunei eta bertan erabaki zuten pilotalekua eta Mariarats kalea lotzen dituen igogailua egitea. Lehiaketa publikoa egin eta lanen adjudikazioa ere egin zirela gogoratu du. «Baina EAJk lanak geldiaraztea eskatu du, Urak-en txosten teknikoan oinarrituta».
Alkatearen jarrera «iluna» salatu dute sozialistek, gainerako udal taldeei ez dielako lanak gelditzeko arrazoien berri eman eta auzotarrei ez dielako beste alternatibarik eman. PSE-EEk irtenbidea erraza zela dio: enpresa hornitzaileek proiektuari eskatutako zuzenketak egitea.