«Dena egiteko genuen, ez zegoen ez elkarterik eta ez sindikaturik»
Amelia Jauregik (Gabiria, 1949) bere gurasoen baserria hartu zuen eta bizitza osoan baserritarren eskubideen alde lan egin du. Bereziki, emakume baserritarren alde. Orain ...
Amelia Jauregik (Gabiria, 1949) bere gurasoen baserria hartu zuen eta bizitza osoan baserritarren eskubideen alde lan egin du. Bereziki, emakume baserritarren alde. Orain gutxi EBELek Donostian egin zuen emakume baserritarren azokaren antolaketa lanetan aritu zen.
Nolakoa zen Baztarrika baserria haurra zinenean?
Gure amaren aitonak erosi zuen baserri hau, Zegamatik etorri ondoren. Hark behiekin lan egiten zuen. Ardiak gure aitak jarri zituen. Lau anaia-arreba ginen: hiru neska eta mutil bat. Oso zoriontsuak izan ginen eta gara. Baserrian bizi diren umeak ezberdinak dira, baina gauzak asko aldatu dira gu umeak ginenetik. Guk naturarekn askoz ere harreman estuagoa genuen. Dena oinez egiten genuen, lanak ezberdinak ziren.
Zein zen lan banaketa?
Amak astean behin ogia egiten zuen. Egun osoa horretan ematen zuen. Horretaz gain, etxeko-lanak egiten zituen eta jorraz, hazia ereiteaz, belar metez, etxeko-lanez… arduratzen zen aitarekin. Aita, itzaina ere bazen. Gazta biek egiten zuten.
Noiz aldatu zen baserriko bizimodua?
Aldaketa pixkanaka ikusi dugu. Inork ez zuen pentsatzen gaur egun bizi garen moduan biziko ginenik. Aldaketa handiena autoarekin eta traktorearekin etorri zen. Gaztetan, bizikletak alokatzen genituen igandetan! Osaba batek bizikleta zuen, baina lanera joateko behar zuen eta ezin genuen ukitu.
Aldaketa guztiak onerako izan al dira?
Baserritarron lan baldintzak asko hobetu dira. Lehen baserria oso pisua zen. Dena eskuz egin behar zen. Lehen ia uda guztia belarretan ematen genuen eta egun bi egunetan egiten dugu. Dena den, baserriko lana gogorra da oraindik. Ardiekin egiten dugun lana ere asko erraztu da. Baserri batek, aurrera egin nahi badu, aurrerapenak behar ditu. Lana erraztu behar da. Izan ere, egun askoz ere jende gutxiago bizi da baserrietan. Eta baserritarrak ez direnak baserrira hurbiltzeko ere beharrezkoa da lana erraztea.
Garai batean kaletar gutxi ezkonduko ziren baserrietara.
Batzuk bai. Eta emakume batzuen lana txapela kentzekoa izan da. Gainera, baserriko neskak kalera joaten ziren neskame eta askok ez zuten baserrira itzuli nahi.
Nola ikusten duzu baserriaren etorkizuna?
Baserriak aurrera jarraituko du. Gaur egun, seme-alabek jarraitzen ez badute, ilobek edo bilobek jarraitzen dute. Hori bai, baserriko kulturak errekonozimendua merezi du. Ez hitzezkoa bakarrik, benetazkoa baizik. Turismoa bultzatzeko baserriak aipatzea gustatzen zaie, baina eguneroko lanean administrazioak zailtasun handiak jartzen dizkigu. Inspekzioak oso zorrotzak dira eta zigorrak sekulakoak.
Emakumea izanik, baserrian gelditu zinen. Hori ez zen ohikoa.
Besteek ez zuten gelditu nahi, baina nik ez nuen nire etxea abandonatu nahi. Gurasoak, ezkondu zirenean, baserria konpontzen hasi ziren. Oso zaharra zen eta erori egin zen. Hori dela eta, berria egin zuten. Handik 25 urtera erre egin zen. Nire gurasoek bi baserri egin zituzten eta hori zor nien. Senarrak asko lagundu dit eta transmisio ona egin dugu. Atzetik datozenek jarraitzeko asmoa dutela dirudi. Oso harro nago.
Emakume borrokalaria zara.
Gure belaunaldikook dena egiteko genuen: ez zegoen ez elkarterik eta ez sindikaturik. Gure belaunaldiak jarri ditu guztiak martxan. Behartuta geunden ia. Oraindik elkarte guztietan jarraitzen dut. Erretiroa hartu arren, gizartearentzat lanean jarraitu behar da. Auzolanaz asko hitz egiten da, baina egun hutsunea ikusten dut. Jendeak gustuko duen horretan bakarrik lan egiten du.