Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin batera, Aitor Sarriegi, Gemma Urteaga eta Aitor Irastortza goierritarrak izango dira Beasaingo Usurbe Antzokian.
Egaña, Lujanbio, Arzallus, Sarriegi, Urteaga eta Irastortza ariko dira kantuan.
Udazken kulturalarekin batera, Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak udazkeneko bertso saioa antolatzen du. Bihar izango da, 22:30ean, Usurbe Antzokian. Goi mailako bertso saioa antolatu dute aurten, Euskal Herriko azken hiru bertsolari txapeldunak –
Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus – elkarrekin kantuan jartzeko aukera izan baitute antolatzaileek.
Ondoan, beste txapeldun bat, Gipuzkoako txapelduna,
Aitor Sarriegi beasaindarra izango dute.
Bertso saioa antolatzerakoan kalitatezko saioa osatzeaz gain, beste bi irizpide hartzen dituzte kontuan: herriko eta Goierriko bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea. Aurtengo kasuan,
Gemma Urteaga beasaindarrak izango du txapeldunen ondoan kantatzeko ohorea. Goierritar bertsolarien kasuan, berriz,
Aitor Irastortza zaldibitarraren txanda izango da.
Gemma Urteagarentzat “plazer handia” da maila horretako bertsolarien ondoan kantatzea. “Denekin nago kantatuta, Maialenekin izan ezik eta ilusio handiarekin nago. Uste dut pribilegiatu batzuk garela horrelako kategoriko bertsolariekin kantatu ahal izateagatik. Eta beasaindarra izan da bertan kantatzea beti da ohore bat”.
Gai jartzaile lanean, Mikel Urteaga jardungo da.
Sarrerak sei euroan eros daitezke Usurbe Antzokin.