Alkate bezala laugarren agintaldiari ekin dio Iñaki Ugaldek (Mutiloa, 1967). Errotatxoren proiektua eta meatze eremuaren garapena dira datozen urteetako egitasmo nagusiak.
Urte asko daramazu udalean. Gustuko lana duzu, ala errelebo faltaren ondorio da?
Alkate bezala laugarren legealdia da, eta aurrez beste lau urte egin nituen zinegotzi modura. Guztira 16 urte udaletxean. Gustura egiten dudan lan bat da, sentitzen dudana, bestela ez nuke jarraituko. Eta erreleboa lehenago edo beranduago etorri beharko dela uste dut. Urte asko dira jada, eta gainera uste dut ona dela aldaketa egitea.
Duzun eskarmentua, hala ere, lagungarri egingo zaizu.
Beti egoten dira gora beherak horrelako kontuetan. Herri txikia da, elkar ezagutzen dugu denok, eta hemen egonez gero erabaki batzuk hartu behar izaten dira, eta erabakiak ez dira beti denon gustukoak izaten.
Zerrenda irekien prozedura erabiltzen duzue hautagaiak aukeratzeko. Nola egiten duzue?
Lehenik udal taldean hitz egiten dugu, eta horietatik bik adierazi genuen jarraitzeko gogoa. Gero, batzar bat egiten da, eta hor esaten da zein diren jarraitzeko prest daudenak, eta ondoren bozketa bat egiten da. Aukera egoten da baita ere izena emateko, baina boluntariorik ez da egoten horrelako gauzatarako. Batzarra egin zen, bozkatu zen, eta aukeratuak izan ginen.
Zer moduzko lan taldea duzue?
Ona, gazte jendea dago gehienbat. Adin bereko bi gara taldeko zaharrenak, eta beste denak gazteagoak.
Batzordeetan baino, lan-taldeetan funtzionatu izan duzue aurreko urteetan. Orain berdin jarraitzen al duzue?
Lan-taldeak dauzkagu. Udal taldea osatzeko egiten diren bileretan neronek aipatu nuen, oso inportantea zela udalaz gain irekia den plataforma bat sortzea herritarrek parte hartzeko, iritziak emateko, eta zenbait erabaki hartu aurretik ere herritarrekin kontrastatzeko… Oraingo taldean horri buruz hitz egin dugu, eta ez dugu oraindik martxan jarri, baina zerbait etorriko da datozen hilabeteetan.
Gaur-gaurkoz zeintzuk dira esku artean dituzuen gairik nabarmenenak?
Batetik, Errotatxoko proiektua dugu. 2013. urtean Eusko Jaurlaritzako Landa Garapenetik laguntza garrantzitsu bat jaso genuen, 265.000 eurokoa. Errota erdi erorian zegoen, eta teilatua berritu zitzaion, paretak-eta ere sendotu, lan horiek egin dira. Orain egiten ari garena da errota bera martxan jartzea. Tresneria egoera onean zegoen, eta orain egingo dena da tolbak eta harriak berritu. Hori herriko diruarekin egiten ari gara.
Proiektu orokor horren helburua energia berriztagarriak sustatzeko eskola bat sortzea zen. Zertan da hori?
Hezkuntza sailarekin ari gara tratuan. Horrek beste inbertsio handi bat eskatzen du, eta hasierako ideia hori izanagatik, ikusteko dago zer norabide hartzen duen. Eraikin hori berrituta nahi ez duguna da herriarentzako karga bat bihurtzea, eta asmoa da beste erakunde batzuekin partekatzea proiektua.
Energiari lotuta, herriko argiteria berritzeko prozesuari jarraipena eman behar al diozue?
Argitan aurrezteko farolak jarri genituen aurreko legealdian herri inguruan, eta orain Gerriko auzoan jarriko ditugu. Oraindik ez dugu esleitu, baina aurtengo tartean izango da.
Eta meatze esparruaren garapenaz zer esan dezakegu?
Meatze inguruan ere badaude zenbait proiektu, eta hor ere jarduera txiki batzuk egingo ditugu. Azkenean fase ezberdinak izan dira. Bide Berdea izan zen lehena, eta gero behetik gora egin ditugu lanak, garraioa egiten zen lekutik hasi eta materiala tratatzen zuten puntura. Zeuden eraikin hondar horiek berreskuratu dira, interpretatu eta paneletan jarri dira… Meategietan gaude, zuloak dauden lekuan, eta ari gara ingurumen paisaiaren inguruko ekintza plan bat martxan jarri nahian. Hor bai egingo dugula partaidetza prozesu bat herritarrekin.
Egia esan, aurreko lau urteak emankorrak izan dira, edo behintzat urte askoan landutako proiektu batzuek argia ikusi dute, Meiku-etxeren irekiera tarteko.
Hori hala da. Aspaldi egin zen halako hausnarketa saio bat, eta orduan aipatzen zen erdigunera ekartzea zerbitzu horiek denak: mediku zerbitzua, ludoteka, elkartea bera berritzea eta herritarrei irekitzea… Hausnarketa hartan herritarrek ere parte hartu zuten. Gurea bezalako herri batentzako garrantzitsua da medikua egunero edukitzea.
Txerri Gorri elkartea aurreko agintaldiren hasiera partean ireki zen, udalaren ekimenez. Otorduetarako soilik ez izatea nahi zenuten, herritarren parte hartzea bultzatzeko filosofiarekin sortu zenuten. Zer eman dute lau urteok?
Ari da pixkanaka-pixkanaka, baina uste dut urrats bat harago ere jo beharra daukala. Herritarrak elkartzeko gune bezala funtzio inportantea betetzen du elkarteak, baina kultur aldetik gehiagorako bidea ere eman dezake. Horretarako, elkartearekin hitz egiten hasi gara aurten.
Gaur egun zenbat biztanle ditu Mutiloak?
267. Urtean 3 edo 4 ume jaiotzen dira, dezente Mutilorako, egon baitira urteak eta urteak inor jaio gabekoak.
Horrek adierazten du herriko gazteak Mutiloan gelditu direla, eta kanpokoak ere etorri izan direla azken urteetan. Etxebizitzen gaia nola duzue?
Herrian gelditu nahi izan duenak horretarako aukera izan du, eta gaur egun ere badaude aukerak. Udalak sustatutako etxebizitza promozio bat erabat geldi daukagu. 2008. urtean hasi ginen herriguneko etxebizitza hori egiten, baina ez zen bukatu.
Zer esan nahi duzu, etxebizitza erosteko konpromisoa hartzen duen jendea behar duzuela?
Sei nahikoak dira. Sei bikote, edo pertsona bakarrak, baina sei lagun behar dira sartzeko prest egongo liratekeenak.