Ordiziarrock jaialdiak 14 talde eta 70 musikari bilduko ditu asteburuan
The Romanticos taldeak zabalduko du gaur egitaraua. Ostiralean eta larunbatean izango dira emanaldi nagusiak. Talde ezagunak datoz, tartean, Flitter eta Fiachras
Ordiziarrock, Goierriko musika jaialdi beteranoa bueltan da. Gaurtik larunbat goizaldera bitartean, 14 taldek eta 70 musikari inguruko joko dute, plazako eta frontoiko eskenatokietan, nahiz kalean. Horien artean, Ordiziako eta Goierriko taldeak ez ezik, hainbat talde ezagun izango dira, hala nola Flitter, Fiachras edota La Brigada del Vicio. Izan ere, hori da jaialdi honek hasieratik mantendu izan duen filosofia, «bertako taldeei jotzeko eskaenatoki dezente bat eskaintzea, eta aldi berean talde ezagunagoekin batera jotzeko aukera» izatea. Bide horretan, «denentzako jaialdia» prestatu dutela diote antolatzaileek, eta «gustu guztietarako kontzertuak» izango direla.
Flitter talde nafarra eskenatokietara itzuli da.
Ordiziarrock «herriko musika taldeek» sortutako jaialdia dela gogoarazi du antolakuntza lanetan aritzen den Urko Ruiz de Apodakak. «Jotzeko lokalen gabezia zegoela eta hasi ginen elkartzen». Eskaera horren itzalean antolatu zuten aurreneko jaialdia. Hamaika urtetako aldarrikapenen ondoren, Ordiziako taldeek iaz lortu zituzten entseguetarako lokalak, eta orain, «probaleku horietako emaitzak jendaurrean erakusteko garaia» dela diote.
Eskenatoki ezberdinak
Ordiziarrock jaialdiaren ezaugarri nagusietako bat, kontzertu guztiak gune bakarrean izan beharrean, herriko puntu ezberdinetara iristea izan da. Hala, Beti Alaiko frontoi estaliaz gain, plazan, D’elikatuzen eta auzoetan ere egiten dituzte saioak. Hain zuzen ere, D’Elikatuzeko saioarekin hasiko dituzte gaur emanaldiak. The Romanticos taldeak joko du bertan. Iker Piris gitarrajoleak gidatuta, blues, funk eta swing doinuak nahasten dituzte, abesti ezagunak eta eurek sortutakoak tartekatuz.
Musika kalera ere aterako dute ostiralean, herrigunean barrena arituko den Broken Brothers Brass Band taldearekin. Gauean berriz, frontoia izango dute bilgune. Skalopek eta Koplaka talde ordiziarrek Colapso beasaindarrek joko dute bertan.
Kamioirrock-ek auzoetara eramango du musika.
Musika herriko gune ezberdinetara eramatea izan da hasieratik Ordiziarrock jaialdiaren asmoetako bat. Ruiz de Apodakaren arabera, «jaialdia herrigu- nean egiten da, eta auzoetara ere nolabait iritsi egin nahi genuen, herri guztira zabaldu». Hala sortu zen Kamioirrock egitasmoa. Kamioi bat hartu eta auzoz auzo ibiltzen da, kontzertuak eskainiz. Otegienea, Altamira eta Buztuntza auzoetan hiru talde ariko dira aurten: Gureran zaldibiarrak, Ekeko el Perro eta Potrotaino ordiziarrak. Eguerdian hasita, Otegienea, Altamira eta Buztuntza auzoetan barrena ibiliko dira. Iluntzean berriz, herriko plazan, Musika Eskolako rock taldea eta Insania Crew DJ bikotea ariko dira.
Talde ezagunak
Larunbateko jaialdiak hainbat talde ezagun bilduko ditu. Horietako bat da Fiachras, Haritz Artola lazkaotarraren taldea. Brigada Criminal, Bizardunak eta Txinaski taldeetan aritutako musikariek osatzen dute, doinu irlandarrak eta rocka nahastuz.
Gaueko beste izen handietako bat, La Brigada del Vicio izango da. Euskal Herrian askorentzat izen ezezaguna bada ere, Zaragozako taldea 1999tik ari da jotzen eta Punk Oi! estiloan erreferente garrantzitsua dira Espainia mailan.
Euskal Herrira itzulita, 90eko hamarkadan sona handia izan zuen Flitter laukote nafarra etorriko da Ordiziara. Sei disko argitaratu eta gero, urte askoan eskenatokiak utzita egon dira, baina 2013an berriz elkartu eta Rabioso lana argitaratu zuten.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.