Nerea Loron ‘Furia’ rap kantaria
Ordiziako Udaleko Berdintasun Sailak feminismoa lantzeko tailer berritzailea antolatu du. Izan ere, rap musikaren bidez landuko dituzte berdintasuna eta ahalduntzea bezalako gaiak. Horretarako, Nerea Loron Furia rap kantari eta irakaslea gonbidatu dute. Urriaren 30ean hasi eta abenduaren 11ra egingo dituzte saioak, ostiralero.
Rap zalea ez ezik, Gizarte Hezkuntzan diplomaduna eta musikoterapia irakaslea ere bada Loron, eta Rap-a «ahalduntze feministarako tresna gisa» erabiltzen du, neska gazteen artean «begirada feminista txertatzeko». Hala, letren bidez «jendartean normalizatuta dauden mekanismo sexistak identifikatzeko tresnak» eskaintzen dizkie gazteei.
Rap musikaren hastapenetatik abiatuta, ibilbide historiko bat egingo du Loronek, emakumeek arlo horretan egin duten eta «ikustezina» izan den lana azaleratuz. Material teorikoa, ikus-entzunezkoak eta talde eztabaidak tartekatuko dituzte.
Parte hartzeko bideak
Tailerra urriaren 30ean hasi eta abenduaren 11n bukatuko da. Saioak, ostiral iluntzeetan egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Bertan parte hartu nahi dutenek, aurrez eman behar dute izena. Horretarako, berdintasun sailera deitu (943 80 56 10) edo mezu bat bidali behar da airazu@ordizia.eus edo kaltuna@ordizia.eus helbideetara.