Ordiziako kaleetan agertutako pintadak.
Irailaren 27an, Txiki eta Otaegi fusilatu zituzteneko urtemugaren harira, pintadak agertu ziren Ordiziako hainbat eraikinetan. EH Bilduk, ohar baten bidez azaldu du ez dutela “begi onez ikusten eraikin historikoak eta dendak kaltetzea”, eta horrenbestez, ulertzen dutela kaltetutako eraikinetako bizilagunen eta merkatarien haserrea. Gainera, “iraganeko eskemak gainditzea eta Ordiziarentzat etorkizun hobea eraikitzea” denon ardura dela gogorarazi dute. Hala, “guztion eskubideen errespetuan oinarritzen den bizikidetza demokratikoa” eraikitzeko konpromisoa agertu dute.
EH Bilduk egiten duen gogoeta, haratago doa, ordea. Izan ere, Euskal Herriak bizi duen testuinguru politiko berria, “gatazka gainditzeko aukera” ere badela uste dute, baina hori “irabazle eta galtzaileen eskema gaindituz” egin behar delakoan daude. Horretarako, ezinbesteko jotzen dute “errelato bakarraren eskema gainditzea eta mota guztietako indarkeria politikoa” jasan dutenek merezi duten aitortza jasotzea eta biktima guztien erreparazioan eragitea; baina horrekin batera, “hildako guztien senitarteko zein lagunek maite dituztenak gogoratzeko aukera” izatea eskatzen dute. Zentzu horretan, Espainiako Gobernuaren ordezkariak ezarritako debekuak salatu dituzte, “bizikidetza normalizatua eta gure herriaren memoria osoa eraikitzea” galarazten dutelako.