Gazte Batzarra egingo du bihar Ernaik Beasainen
Ernai gazte erakundeak Goierriko gazteei lanerako eta elkarlanerako deia egin diete, «gure eredua eraikitzeari ekiteko». Horretarako Gazte Batzarrak egingo dituzte datozen egunetan Goierriko hainbat herritan. Bihar, Beasainen egingo dute, 11:30ean, Arranon.
Ernairen esanetan, «etorkizun iluna iragartzen digute. Gazteok prekarietate iraunkorrera kondenatuta gaude zapalduak eta esplotatuak izatera. Hau da sistema kapitalista eta heteropatriarkarrak mahai gainean jartzen digun aukera bakarra. Hau da kapitalaren Europak, Espainiak eta Frantziak eskaintzen digutena».
“Nazkatuta gaude”
Goierriko gazteak «nazkatuta» daudela dio gazte erakundeak. «Nazkatuta, langabeziaz, aldi baterako zabor kontratuez, robotizatu eta espainolizatu nahi gaituen hezkuntzaz, etxebizitza eskubidea negozio bide bilakatu izanaz edota eraso sexistez, beste hamaika zapalketen artean. Nazkatuta, finean, XXI. mendeko esklabo izateaz».
Eredu berria eraikitzera
Inoren zain egon beharrik gabe eta inori baimenik eskatu gabe gazteak badoazela iragarri dute. Izan ere, «eredu ustel honen aurrean ez gara makurtuko». Zentzu horretan, «eredu ustel eta gris honen aurrean Goierriko gazteak bagoaz, bagoaz gure nahi eta beharren araberako eredu koloretsua eraikitzera, bagoaz Goierri eta Euskal Herri gorri, berde eta morea eraikitzera». Eredu berria eraikitzeko deia egin du gazte erakundeak: «Bagoaz gure nahiei eta beharrei erantzungo dien eredua eraikitzera. Bagoaz gure buruen jabe egingo gaituen Euskal Herri eta Goierri gorri, berde eta morea eraikitzera».
Espainiar eta frantziar estatuek «nortasuna inposatzearen» aurrean ere, «haien garaia amaitu da, eta gurea hasi. Inori itxoin gabe, Euskal Herri aske eta burujabe batera eramango gaituen bidea eraikitzeko hautua egin dugu», diote. Horren guztiaren ondorioz, Ernaik «kalea hartzeko unea» dela dio. «Autogestioaren bidetik, urratsez urrats, oraina eraldatzera goaz. Gazteok gazteontzako eraikiz, zapalkuntzarik gabeko espazio askeak sortuz, egunez egun burujabeago izanez. Eremuz eremu borrokak piztera goaz, gure indarrak biderkatuz gazte botere sendo bat osatu eta sistema ito nahi gaituzten kateak apurtzera. Bagoaz burujabe izan nahi dugulako, geure erabakien jabe, gure gorputzen jabe».