Itxaron zerrendekin bukatzea lortu dute. 3. aretoa egokituta ciclo indoor gunea jarri dute. Aerobic eta zumba ikastaroentzat orain arteko ciclo indoor gela erabiliko dute.
Ciclo Indor egiteko gela berria egokitu dute.
Ikastaroen zerbitzua hobetzeko eta ahalik eta erabiltzaile gehienek ikastaroetan parte hartzeko aukera izan dezaten, Beasaingo Antzizar kiroldegin hainbat areto egokitu eta berrantolatu dituzte.
Lehenik eta behin, eraikin berriko bigarren solairuan, 3. aretoa, egokitu eta ciclo indoor ikastarorako jarri dute erabilgarri. Bestetik, orain arteko ciclo indoor gela, talde handietako ikastaroetarako egokitu dute, aeraobicerako eta zumbarako adibidez. Karmele Alkaiaga kiroldegiko langileak adierazi duenez, «aurreko ciclo indoorreko gela gaizki aprobetxatuta zegoen, gela erdia hartzen zuten txirrinduek eta beste erdia hutsik zegoen. Gainera, gela berria freskoxeagoa izango dela uste dugu, saunarik ez baitago azpian».
Aretoen berrantolaketarekin, ikastaro gehienak bateratu, eta ikastaro eskaintza handitu nahi izan dute: «Betiko aerobic eta zumba gela oso txikia zen eta mugatuta geunden kalitatezko zerbitzua eskaintzeko. Itxaron zerrenda zegoen, batez ere zumban». Alkaiagak argitu duenez, dagoeneko ez daukate itxaron zerrendarik, «eskaera guztiari erantzuteko gai gara momentu honetan». Ciclo indoorren kasuan ere, eguerdietan, 14:15ean beste talde bat sortzeko aukera dago orain, «eguerdietako eskaera handia da eta».
Orain arteko aerobic eta zumba gela talde murritzagoak diren ekintzentzat erabiliko dute.
Teknifikazio zentroa
Herri kirolen teknifikazio zentroa ere gune balianitza da une honetan. Eskola kiroleko taldeek, monoziklo eskolakoek eta Aurtzaka dantza taldekoek erabiltzen dute. Harri jasotzaileak ere hasita daude lanean.