Lazkaoko autonomoen eta profesionalen jarduera ekonomikoa laguntzeko plangintza abiarazi du udalak
Langile autonomoen, lanbide liberaldunen, ostalaritzakoen, eraikuntza gremiokoen eta enpresa txikien egoerari laguntzeko, jarduera ekonomikoa sustatzeko plana abiarazi du Lazkaoko Udalak. Krisiak sektore horietan zer eragin duen aztertu nahi du lehenbizi, errealitatearen diagnosia egin, esparru estrategikoak identifikatu, eta lau urterako ekintza plan bat diseinatzeko.
Langileekin eta eragileekin zuzenean jarriko dira harremanetan, elkarrizketa edo inkesta bidez. Lantaldeak osatuko dituzte. Horrez gain, lazkaotarrek sektoreaz duten ezagutza eta informazioa izateko, 250 etxetan inkesta egingo dute, telefonoz hots eginda. «Lazkaotarren irudipena jakin nahi dugu», azaldu du Felix Urkola alkateak.
Udalak Ikei enpresa kontratatu du azterketa egin eta plangintza burutzeko. Ekintza plana hurrengo bi hilabeteetan definitzea da asmoa. Ondoren, agintaldiko hiru urte eta erdietan garatuko lirateke hor sartutako gaiak.
Lau urteko plangintza horretan, autonomo, enpresa txiki eta gremioetako langileei laguntzeko, guztira 500.000 euro bideratu nahi ditu udalak, «aurrekontuek ahalbidetzen badute».
Krisi ekonomikoak eraginda, «gehien sufritzen» ari diren sektoreei lagundu nahi die udalak. «Arlo bat komertzioa da. Baita eraikuntzako gremioak ere, profesional liberalak, arkitektoak, abokatuak, aholkulariak… Lazkaon sektore eta azpisektore horiek identifikatu nahi ditugu, eta laguntza eskura jarri», dio alkateak. Jarduera ekonomikoetan izena emanda daudenak lirateke.
Babesa sustapen bidez, laguntzekin edo zeharkako ekimenekin izan daiteekela aurreratu du udalak. Aurrerago, gazte enplegua edo komertzioa indartzeko ekimenak garatuko ditu. Sektoreko eragileei eta herritarrei kolaboratzeko eskatu die udalak, «errealitatearen konposizio zuzenena» izateko.