Biharko perretxiku erakusketa forma hartzen ari da
Goiza inguruko mendietan perretxiku bila igaro eta gero, arratsaldeko lehen orduan hasi dira biharko erakusketari begira bildutakoaren sailkapena egiten. Urretxuko Mikologia Asteburuko antolatzaileak lanean ari dira horretan Lizeoan, Aranzadi zientzia elkarteko
Goiza inguruko mendietan perretxiku bila igaro eta gero, arratsaldeko lehen orduan hasi dira biharko erakusketari begira bildutakoaren sailkapena egiten. Urretxuko Mikologia Asteburuko antolatzaileak lanean ari dira horretan Lizeoan, Aranzadi zientzia elkarteko Jose Manuel Lekuona eta Juan Ignacio Lopezen laguntzarekin. Lekaio kultur elkarteak, Urretxuko Udalaren, Kutxaren eta Zumarragako Kabia jatetxearen laguntzarekin antolatzen duen ekitaldi honek 25. edizioa du aurtengoan.
Antolatzaileak pozik daude goizean basora perretxiku bila joateko elkartu den jendearekin, baita jasotako perretxiku kopuruarekin ere. Aranzadiko Lekuonak esan duenez, “200 espezietik gora” izango dira biharko erakusketarako bildutakoak. Horietako asko jangarriak dira, gainera, onddoak, ‘pardilla’ edo ilarrakak, eta ‘gamuza’ edo sarioak esaterako. Hiru espezie hauetatik asko bildu denez, bihar sukaldatuta dastatzeko aukera izango da.
Biharko goiza izango da erakusketarako. Areizaga plazan, 11:00etatik 14:30era, gaurko eta aurreko egunetan bildutako perretxikoen erakusketa egingo dute. Mahai didaktikoak ere egongo dira, Aranzadi elkarteko adituen azalpen eta guzti.
Perretxiku dastaketa
Bestalde, aurten nahikoa perretxiko jangarri jaso dira, eta mokadu goxoak dastatzeko aukera izango da. Dastaketa 13:00ak aldera hasiko da. Kabia jatetxeko sukaldariek, berriz, perretxikuekin prestatuko platerak jarriko dituzte ikusgai.