Aranzadiko eraztuntze bulegoak urriaren 16an jaso zuen abisua, eta gertaera "larria" dela nabarmendu du zientzia elkarteak
Belatz handi baten irudia. Arg. Jon Maguregi Arenaza
Iazko maiatzaren 2an Ondarroan (Bizkaia) eraztundutako belatz handi bat –artean txitoa zela– Ormaiztegin tiroz hilda aurkitu dutela salatu du Aranzadi Zientzia Elkarteak, ohar bidez. Hilaren 16an jaso zuen abisua Aranzadiko eraztuntze bulegoak, eta salaketa publiko egitea erabaki du gaur. “Aranzadi Zientzia elkarteak, hegaztien ikerketan eta kontserbazioan duen ibilbide luzea kontutan izanik, eta EURING-eko (Eraztuntzeko Europar Batasuna) partaide dela kontutan izanik, Gipuzkoako ehiza kudeaketan erantzukizuna duten elkarteei
zigorrak jartzea eskatzen du, eta gure lurraldean horrelako ekintzak erauztea”.
Aranzadiren arabera, belatz handia
“zorrozki babestua” dagoen espezie bat da, eta Europa mailan SPEC 3 kategoria ematen zaio. Espezie hori Hegaztien Zuzendaritza batzordeko 1. Gehigarrian eta Bernako Hitzarmeneko 2. Gehigarrian azaltzen da. Horrez gain, Espainia mailako Mehatxatutako Espezieen katalogoan Interes Bereziko espezie bezala hartzen da, eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Katalogoan Espezie Arraro bezala agertzen da.
Gertaera larria
“Hau guztia kontutan izanik, larria da Gipuzkoan belatz handi bat tiroz hilda agertzea. Ez bakarrik horrelako gertakizunak ilegalak direlako eta zigorra merezi dutelako, baizik eta Gipuzkoako ehiza kolektiboan horrelako ekintzak egiteko gai direla jakiteak
kezka eta egonezina sortzen digulako ondare naturala zaindu eta ikertzen dugun elkarteei”. Aranzadiren esanetan, urtero tiroz hilda azaltzen diren espezieen zerrenda “oso kezkagarria” da. Horien artean, belatz handia, gabiraia, aztorea, miru gorria, arrano txikia, hontz txuria eta lertxuntxo handia aipatu ditu elkarteak. Informazio hau Gipuzkoako Foru Aldundiko natur babeserako sailera bidalia izan dela ere nabarmendu du Aranzadik.
Legez kanpoko ehizari buruzko artikulua
Aranzadiko Ornitologia sailak orain gutxi argitaratu du European Journal of Wildlife Research aldizkarian Gipuzkoako legez kanpoko ehizari buruzko artikulu bat. Artikulu horretan Gipuzkoako fauna basatiaen errekuperazio zentrora iritsi diren hegaztien espazio eta denbora banaketari buruz hitz egiten da. Horretarako, 8 urte bitarteko datuak ikertu ditu elkarteak, eta 53 espezie identifikatu ditu, batzuk galtze arriskuan daudenak. “Hegazti hauek normalean ehiza toki finkoetan agertzen dira, eta hilketak urri eta urtarrila bitartean gertatzen dira.
Ebidentzian jartzen da, beraz, legez kanpoko ehiza kudeaketa hobetzeko dagoen beharra”.