Goierriko gaur egungo udal agintarien artean politikari beteranoena da Felix Urkola (Tolosa, 1970). Bosgarren agintaldia du, Lazkaon. Elkarbizitzan eragin nahi du, bereziki.
Lehen ere ondo ezagutzen duzu udaletxea: zortzi urte alkate, beste zortzi zinegotzi, eta berriz alkate. Erreleboa zail dago?
Bai. Bi gauzak bultzatu ninduten aurkeztera. Bat, kosta egiten zaiola edozein herritarri pausoa ematea, politikaren sentsazio eta izen horrekin. Eta, bigarrena, azken lau urteotan ikusitako eta bizitako hainbat gauzak. Herria ulertzeko era ezberdinak daude, baina norbere ikuspegitik zenbait norabide zuzenak ez direnak ikusten baldin badira, horien eta norbere iritziaren defentsan pausoa eman beharra dago.
Zer ikusten duzu egokitu edo zuzendu beharrekoa?
Herri bat nola proiektatu behar den zehazteko, lau urtetik pixka bat harago markatu behar da herri hori. Lau urteko proiektu batekin eta pertsona jakin batzuekin ikusita ez, baizik etorkizunera begiratuta. Momentu honetan bide hori ireki nahian ari gara.
Alkate kargua hartu bai, baina ordainpeko lanaldirik ez duzu. Legebiltzarkide izaten segitzen duzu, Gasteizen. Nola uztartzen dituzu bi lanak?
Ez da egokiena, baina familiari denbora kenduta. Gasteizkoa ere lantalde bat da, eta nituen karga batzuk banatu ditut. Han osoko bilkurak ostegunero izaten dira, eta hambostean behin kontrolekoak. Hortik aparte Lazkaon nago, Legebiltzarreko gauzak eginez eta batzorderen bat baldin bada Gasteizera joanez, beste edozein bileratara atera beharko nukeen bezala.
Zer asmo duzu aurrerantzean?
Legealdia bukatu arte Legebiltzarrean jarraituko nuke. Gero, gerokoak. Lehentasuna eta ahal den normaltasun gehiena alkatetzari emanez, hori bai.
Lazkaon EAJ lau urte egon da oposizioan, 1979tik lehenengoz. Nola topatu duzu berriz?
Aldaketa handirik gabe. Beharbada, gizarteko abiadura aldatzeak udalean ere suposa dezakeen aldaketa bai, eta egokitzapen horiek egin beharrean.
Felix Urkola, alkatea. / Aimar Maiz
Lehen lana herrian garbiketa eta konponketak egitea izan da, ezta?
Lehenengo daukaguna balioan jarri behar da. Askotan, gastu bezala ulertzen diren zenbait lan inbertsio modura ulertu beharko genituzke: mantenimentua, garbiketa… Batez ere horietan bidea ireki nahi izan da, eta hortik jarraitu nahi dugu. Hortik aurrera, proiektu berriak egiteko dirurik edo laguntzarik baldin badago, berrietan sartuko gara. Baina, lehendabizi, dagoena bertan behera erortzen ez utzi.
Zer proiektu dituzue buruan?
Eraberritzeetan, batez ere Gurutze auzoa. Neurriagatik eta diru kopuruz izan dezakeen garrantziagatik, proiektu esaguratsuenetako bat izan liteke. Kiroldegiaren egoera edo igerileku estaliaren bigarren fasea egitea ere izan daitezke. Baina, betiere, garbi utzi nahi dut zifra handiez ari garela, eta ea horiei aurre nola egin dakiekeen, nahiz eta udalaren egoera saneatua den.
Ekonomikoki nola dago udala?
Bere gora-beherekin, administrazio guztiak bezala, baina egoera saneatu batean. Ez noa ni kontrakorik esatera. Orain dela lau urte oso saneatuta zegoen bezala, orain ere hala dago. Kontrakoa esatea, gezurretan ibiltzea da. Garbiketa eta zerbitzu arloan lehiaketak atera behar direnez, kostuak igotzen doaz, herria handitzen ari delako. Aldi berean, sarreretan muga dago.
Iturgaitzagako hirigintza proiektuarekin nolabaiteko zuloa bazegokeela esan izan du Bilduk. Bideragarria da plana?
Bai, noski. Lehendabizi, esan behar da alderdi guztien adostasunarekin onartutako kontu bat dela. Ez da atzo goizean hasitakoa, gainera; 12-15 urte izango dira. Operazio oso konplikatua izan da, pertsona batzuei etxea bota behar zaielako. Baina zuloez hitz egitea epe motzean, inbertsio batean amaierako emaitza ikusi behar denean, gauzak alderantziz kontatzea da. Bideragarritasuna merkatuak berak markatzen du, eta pixkanaka aurrera doa; bere zailtasunekin, baina aurrera. Inork pentsatzen badu halako garapen bat 2-3-4 urtean egitekoa dela, hirigintzaz gutxi ulertzen du. Orain lehentasuna errealojoko etxeak ematea da, ea berehalako batean den.
Eremu horrekin, etxegintza premia estalitzat emango da?
Udalaren ikuspegitik, 150-200 etxebizitza eraikitzeko aukera ematen dute Arau Subsidiarioek. Gure asmoa etxebizitza plan bat egitea da: gaur egungo etxebizitza parkea nolakoa den sakon aztertu, eta eraikitzeko dauden berriekin hurrengo 10 urterako plangintza bat egingo dugu. Kontua ez da agintaldi bateko ikuspegia, baizik herri bat lau urtean ez dela bukatzen sinistea.
Zer norabide hartu beharko luke Lazkaok, zure iritziz?
Lehendabizi, herri dinamikoa izatea, bere aukeretan sinisten duena. Diskurtso ezkorretik atera, eta sinistu behar du garatzen joan daitekeela. Abiapuntu dagoena mantentzeak izan behar du. Herritarren bizi kalitatea egokitzeko, kontua ez da proiektu edo garapen berriak egitea, dagoena behar bezala mantentzea baizik. Hori ez da gastua, inbertsio bezala ulertu behar da.
Bigarren, behin jada non bizi daukagunean, zertaz bizi dago. Ekonomia aldetik udalak sustapena egingo du, bere aukeren barruan. Lehen industriaren alde egin zen apustua mantendu behar da, herrian eta bailaran. Baina, aldi berean, autonomoei eta enpresa txikiei lagunduta.
Datozen lau urteotan, bereziki zer egiteko gogoa daukazu?
Gustatuko litzaidakeena, eta beharbada zailena izango da, hirugarren esparru bat da, non bizi eta zertaz biziren atzetik: nola bizi. Elkarbizitza hobetzea da hirugarren hanka. Orain gauzak ez daude oso erraz. Elkarbizitzan pausoren bat emango bagenu, agintaldiko helburu handi bat litzateke. Gutxienez, udaleko alderdien eztabaida kalera beste era batera transmititu, herritarrengan aldaketa bat suposatuko lukeelako; bai udalarekiko, bai politikariekiko, bai parte-hartzearekiko, bai herri bat egitearekiko.