Baratzea "iraultzailea" dela esan du Jakoba Errekondok Lazkaon
Osasunari eta elikadurari eskainitako egitaraua Jakoba Errekondoren hitzaldi-aurkezpenak hasi du, Lazkaon. Gerriko elkartean, 50 bat lagunen aurrean, Bizi baratzea liburuaren berri eman du, eta entzuleen galderei ere erantzun die. Atzo izan zen egitarauko lehenengo hitzaldia. Urriaren 27an segituko du, Pello Zubiriarekin.
Baratzearen balioak goraipatu ditu, arlo askotatik “iraultzailea” dela nabarmenduta. Lurrarekiko lotura, elikadura burujabetza, bertako mozkinak, bioaniztasuna, osasuna, bizitza kalitatea edo paisaia kulturala lantzeko balio du, Errekondoren iritziz.
Bestetik, osasun aldetik berehalako onurak ematen dituela ere erantsi zuen: “Aire librean dugun gimnasio onena da baratzea. Kuota ordaindu beharrik gabe, eguzkia hartuz kalitatezko jakiak guk geuk sortzen ditugun bitartean, giharreak lantzen ditugu”.
Bizi baratzea liburua hiru jende multzorentzat zuzenduta dago: baratzean lehenengo aldiz hastera doazenentzat, lehendik ari baina zalantzak argitu eta gehiago ikasi nahi dutenentzat; eta aritzeko asmorik ez, baina jatekoa nola sortzen den jakin nahi dutenentzat.
Tokian tokiko baratzegintza eta elikagai ekoizpena “herriaren alde” jarduteko neurgailu bat dela ere gehitu zuen. “Politikariei bi galdera egin beharko genizkieke, beren lanean herriaren alde ala beren buruari begira ari diren jakiteko: zer jaten duzu? Non erosten duzu jatekoa?”.
Sukaldaritza eta Osasuna jardunaldiek azaroaren 27ra arte iraungo dute, astean hitzaldi edo ikastaro batekin. Saio guztiak Gerriko elkartean dira, 18:30etik 20:00etara. Ikastaroetarako (Nekane Matxainen bi saioak eta Iker Markinezena) izena eman eta zerbait ordaindu behar da: hiru saioetarako 20 euro, edo solte bakoitzeko 10 euro. Bukaeran, prestatutako jakiak denen artean jango dituzte.
Egitaraua:
- Atzo. Jakoba Errekondo, Bizi baratzea.
- Urriak 27, asteartea. Pello Zubiria, ‘Artritisa, dieta paleolitikoa, apiterapia… Jateko ohiturak aldatu, sendatzeko’.
- Azaroak 5, osteguna. Garbiñe Etxaniz, ‘Gaixotasun egoeran, osasuna berreskuratzea, nork bere baliabideekin. Makrobiotika: gorputza, burua eta espirituaren arteko oreka’.
- Azaroak 12, osteguna. Nekane Matxain, ‘Osasun emozionala eta sukaldea: menu sanoa, menu erraza, menu merkea. Algak, zerealak, barazkiak, zukuak…’.
- Azaroak 19, osteguna. Nekane Matxain, ‘Fruta eta barazkiak haurrentzat, nola egin gustagarri? Trukuak eta errezetak’.
- Azaroak 26, osteguna. Iker Markinez, ‘Pintxo goxoak, sarrerako gutiziak, izka-mizkak’.
- Azaroak 27, ostirala. Kantu-afaria (21:00etan): urdaiazpiko hanka beltza, Lumagorri oilaskoa patatekin, fruta-mazedonia.