Jose Miguel Santamaria: «Herritarrek ez dute liskarrik nahi, eskatzen digutena elkarlana da»
Lau urtez oposizioan egon eta gero, alkatetzara itzuli da Jose Miguel Santamaria (Ordizia, 1972). Legealdiko Plana osatzea eta krisi ekonomikoari aurre egitea izango ditu helburuetako batzuk.
Aurreko legealdian oposizioan egon eta gero, berriz itzuli zara alkatetzara. Erraz hartu al diozu neurria?
Udaletxe batek duen dinamika ezagutu behar da jakiteko ez dela erraza honi neurria hartzea, baina dugun lantalde berriarekin eta dugun ilusioarekin gogoz heldu diogu. Gainera, azkeneko lau urteak oposizioan egonda egunerokotasuna galdu egiten da, eta hori informaziorik gabe egon ginela kontuan izan gabe.
Alkatetzako aurreneko 100 egunak pasata, zer nolako balantzea egiten duzu?
Alkate izateak ardura bat hartzea eskatzen du. Bizitza asko aldatzen zaizu, baina positiboa ere bada. Legealdi hasieran gaude eta lehen zeregina udaleko errealitatearekin martxan jartzea izan da, zinegotzi berriekin batera. Mahai gainean lehentasuna duten arazoak jarri ditugu aurrena. Eta aurreko legealdian batzordeak ekainean osatuta bazeuden, oraingo honetan festen aurretik osatu ditugu. Bestalde, lehen hilabete hauek oso intentsoak izan dira, Santa Ana Jaiak eta Euskal Jaiak, kongresu bat ere ospatu da, langileek oporraldia ere tartean izan da…
Udalaren osaketa aipatu duzu. Zentzu horretan, zein pauso eman dituzue orain arte?
Osaketa oso motela izan da. Ordezkaritza duten alderdiei gobernu erantzukizuna partekatzeko gonbitea egin genien, helburua ordiziarren bizi kalitatea hobetzea izanda, egonkortasuna izatea funtsezkoa dela uste dugulako. Baina ezezko erantzuna jaso genuen. Hortik abiatuta, ekintza plan bat diseinatu dugu. Hortik dator Legealdi Plana, planifikaziorako tresna izango dena; plan estrategikoa izango da eta, noski, berme eta gardentasun guztiz, legealdian zehar herritarrei kontu emateko tresna izatea ere nahi dugu.
Horrez gain, Udal Kode Etikoa, Gardentasunaren Ataria, auzoetarako plan bat eta gobernu irekiaren ordenantza martxan jartzeko asmoa dugu. Partaidetza bultzatuko duten hainbat ekintza ere egin nahi ditugu, interes orokorreko herri kontsulta egutegi bat, urteko aurrekontuaren inguruan partaidetza prozesua… Herritarrek udal zerbitzuen kudeaketan parte hartzea bultzatu nahi dugu eta urtean behin, guztiaren kontu eman.
EAJren eta PSE-EEren artean osatu duzue udal gobernua. Bi alderdion arteko harremana lehendik dator Ordizian.
Horrela da, alderdien gainetik pertsonak gaude eta Ordiziaren alde lana egiteko prest gaude, zintzotasunetik, errespetutik eta bakoitzak ditugun diferentziak kontuan izanda, baina da beti ordiziarren alde.
Udalbatzan ordea, ez duzue gehiengo absoluturik. Horrek zaildu egingo al du agintaldia? Abiapuntu erabat desberdineko ikuspuntuak daudela kontuan hartuz gero, normala da zailtasunak izatea; baina puntu bateraino. Borondatearen baitan dago hori, estrategia politikoaren bidetik aritu behar badugu, ez gara toki onera iritsiko. Eta hau argi eta garbi ikusi dugu dagoeneko. Gure ustez erabakiak ez dira 13 zinegotzionak bakarrik, eta herritar guztien artean landu behar ditugu. Hori da, hain zuzen ere, datozen hilabeteetan izango dugun ardura. Legealdi honetako gai nagusietako bat, hondakinen bilketaren gaineko kontsulta izango dela dirudi. Ez dakit gai nagusia den. Arazoa bihurtu da azkeneko lau urtetan, eta ahalik eta azkarren konpondu nahi dugu, beste kezka garrantzitsu asko ditugulako. Eta gainontzean, legealdiari begira, zein proiektu dituzue esku artean? Bi esparrutan banatu nahi ditugu. Batetik, ekonomiarekin zerikusia duten gaiak. Lan talde berri bat osatzera goaz, eta helburua gure jarduera ekonomikoak indartzea da. Lanbiderekin langabetuei eta gazteei zuzendutako zein programa bultza daitezkeen aztertzen ari gara. Ordizia merkataritzarekin eta azokarekin lotuta dagoen herri bat da eta behar duen garrantzia eman nahi diogu, hartzen diren erabakietan merkatariek diotena ere kontuan izateko. Bigarren arloa, bizikidetzaren ingurukoa da. Herri sano bat behar dugu eta udalean gauden alderdi politikook asko dugu erakusteko. Herritarrek ez dute liskarrik nahi eta uda ondoren bizitzen ari garenak, ez dio herritarrei mesederik egiten. Herritarrek eskatzen dutena elkarlana da, eta horretarako joko politikoa baztertu eta borondate zintzoa agertu behar da. Krisia dela eta, inbertsio handien garaia pasa zela esaten da maiz, baina nola dago udalaren egoera? Adibide batekin erantzungo dut. Joan den astean, ezustean jakin genuen Sasietan 1,7 miloi euroko zuloa dagoela, eta kiebra egitea nahi ez badugu, mankomunitateak dituen aurrezkiak gastatu eta gainera herri bakoitzak dirutza bat jarri beharko dugu. Gure kasuan, 91.724 euro dira jarri beharrekoak, eta kopuru hori emateko arazoak ditugu, gure aurrezkia 20.000 eurokoa delako. Honi geitzen badiogu inbertsioei aurre egiteko aurrezkia ez dela aurrekontuaren %1era iristen, atera kontuak. Eta ‘inbertsio handiak’ diru asko inbertitzea esan nahi badu, behar garrantzitsuak baditugu Ordizian, eta horrek ez gaitu baldintzatuko. Ordiziarren ongizaterako den proiekturik ez dugu baztertuko, eta gure zeregina izango da erakundeen arteko lankidetza bultzatzea. Mugikortasuna eta trafikoa aipatu zenituzten hauteskunde programan, baina ba al duzue egitasmo zehatzik eskuartean? Bai, lehen esan dudan bezala, herritarrekin batera aztertuko ditugu interes orokorreko gaiak eta trafikoaren ingurukoa ere azterketa hauen baitan hasi dugu. Merkatariekin egin genuen bileraren ondoren, udaletxean erantzunik gabe dagoen 2014ko uztaileko proposamen bat pasa digute, eta horrekin hasiko gara. Herritar askoren kontrako iritziarekin hartutako hainbat neurri ere berraztertu egingo ditugu. Gure agendan daude. Eta gizarte arloan, ba al duzue egitasmo berezirik? Aholku batzordeak berpizten eta sustatzen hasi gara, eta helburua duela lau urte genuen proiektuari heltzea da; hau da, datozen hamarkadetako behar ditugun azpiegituren diseinua izatea, gizarte zerbitzuen beharrak lehenetsi eta planifikatzeko. Hala ere, Ordizia herri dinamikoa da, eragile asko ditu, eta ezin dugu bakarrik gizarte zerbitzuetara mugatu. Kultur eta kirol eragileekin ere lankidetza bultzatuko dugu, behar gehien dituzten egitasmoak elkarrekin lehenesteko. Majoriko kuboa eta Herri Antzokia dira horietako batzuk.«Alkate izateak ardura bat hartzea
eskatzen du; bizitza asko aldatzen zaizu»
«Lanbiderekin batera, langabetuentzat
zein programa bultzatu aztertzen ari gara»