Lau herrialdetako gaztagile onenek hitzordua dute Idiazabalen
Euskal Herriko 32. Gazta Txapelketa jokatuko da larunbatean. Goierriko lau gaztagile izango dira lehian. Aizpeako artaldeak herria zeharkatuko duEuskal Herriko 32. Gazta Txapelketa jokatuko da larunbatean, hilak 24, Idiazabalen. Artzai Gazta elkarteak ...
Euskal Herriko 32. Gazta Txapelketa jokatuko da larunbatean. Goierriko lau gaztagile izango dira lehian. Aizpeako artaldeak herria zeharkatuko du
Euskal Herriko 32. Gazta Txapelketa jokatuko da larunbatean, hilak 24, Idiazabalen. Artzai Gazta elkarteak antolatutako lehiaketa honetan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hamarna gaztagilek hartzen dute parte. Arabako sailkatuak Agurainen egiten den txapelketan aukeratzen dira, Bizkaikoak Axpekoan, Nafarroakoak Uharte-Arakilgoan eta Gipuzkoakoak Legazpiko Artzain Egunean. Hartara, Goierriko lau gaztagile ariko dira larunbateko lehian: Olaberriko Aizpea, Ordiziako Joseba Insausti, Segurako Karmele Murua eta Gabiriako Baztarrika.Idiazabalek hirugarren aldiz hartuko du Euskal Herriko Gazta Txapelketa, aurreko 29 edizioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan jokatu izan baitira txandaka. Artzai Gazta elkarteak Idiazabalen du egoitza, eta orain hiru urte txapelketa Idiazabalen finkatzeko erabakia hartu zuen. Artzai Gazta lau herrialdetako 110 gaztagilek osatzen dute.
Aizpeako artaldea
Postuak 10:00etan zabalduko dituzte, eta hainbat produktu dastatu ahalko dira. Gazta txapelketa, berriz, 11:00ak aldera hasiko da, eta epaia 13:30ean jakingo da. Aurtengo une hunkigarrienetako bat Olaberriko Aizpeako artaldearen pasaera izango da. Mikel Etxezarreta eta Eli Arrillaga artzainak Bizkairaino joan dira aurten garai bateko transhumantzia gogoratzeko dokumental bat grabatzeko, eta etxera bueltan, Idiazabal izango da zeharkatuko duten azken herria.













