Lehen blokeko 22 etxebizitzak eraikitzeko 18 eskaera edo gehiago egon beharko dira, eta 30 edo gehiago bi blokeak egiteko. Izena emateko epea azaroaren 6an bukatzen da
Ormaiztegiko Antonene eremuko lur saila. Arg. A. Apalategi
Ormaiztegiko herritarrek azken urteetan hitzetik hortzera izan duten Antoneneko etxebizitzen proiektuak errealitate bihurtzeko lehen urratsa egin du. Hilaren 13an onartu zituen Ormaiztegiko udalbatzarrak udal etxebizitza tasatu kalifikatuak jabetzan zozketatzeko baldintzak, eta joan den ostiralean, hilaren 16an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren,
44 etxebizitza horien esleipenerako prozesua martxan da dagoeneko. Udalak hilaren 8an aurkeztu zizkien herritarrei promozio honen xehetasun guztiak.
Lehen blokeko 22 etxebizitzak eraikitzeko prozesuarekin aurrera jarraitzeko
18 eskaera edo gehiago egon behar dute, eta
30 eskaera edo gehiago bi blokeak martxan jartzeko. Eskaera guztiak ontzat eman ondoren, eta eskaera horiek eskaintzen diren 44 etxebizitzak baino gehiago izango balira, Ormaiztegiko udal etxebizitza tasatua arautzen duen udal ordenantzaren 9. artikuluak ezartzen dituen baldintzak aplikatuko dira.
Herritar ez direnei irekia
Baldintza horiek aplikatzea egokitzen bada, oinarriak arautu aurreko 5 urteetan Ormaiztegin egon direla edo 10 urteko epean erroldan egon direla egiaztatu beharko dute interesatuek. Bigarren lehentasun modura, Ormaiztegin erroldatuta egotea edota azken hiru urteetan Ormaiztegin egoitza soziala duen enpresa batean lan egitea hartuko da aintzat. Eta hirugarren lehentasun mailan, beste edozein pertsona fisiko sartuko litzateke. Interesa duen edonork Ormaiztegiko udal bulegoetan eskuratu ahalko du informazio gehiago.
Izena emateko epea azaroaren 6an bukatuko da.
Jon Enrique alkatearen esanetan, Antonene eremuko proiektua «garrantzitsua» da herriarentzat, «etxebizitza beharrei erantzuteaz gain, Ormaiztegik dituen ekipamendu beharrei aurre egiteko baliabideak eskaniko baitizkio». Udalean egin beharreko lana egin dela dio, eta adierazi du orain herritarren edota Ormaiztegira bizitzera joan nahi dutenen esku dagoela promozioa gauzatzea, «eroslerik gabe ez baita aurrera eramango».
Alkateak argitu du ez dela nahitaezkoa Ormaiztegin erroldatuta egotea etxeetan izena emateko.