Ataungo Hiru Auzoetako Korrikaldia igandean jokatuko da, 'Mantza'-ren oroimeneko izena hartuta
Ataungo Hiru Auzoetako 35. Korrikaldiak esanahi berezia izango du, aurten. Abuztuaren 9an hil zen Joxe Martin Barandiaran Mantza-ri omenaldia egiteko baliatuko dute, hasieran. Oporretan Almerian zen, eta korrika zebilela zendu zen. Urte askoan Korrikaldian irtena zen, eta azkeneko urteetan antolakuntza lanean «buru-belarri» zebilen, Ataungo Korrikalari Taldeko kideek gogoratu dutenez. Aurrerantzean, Mantzaren oroimeneko proba izango da.
Korrikaldiak ohiko ibilbidea izango du: San Martin auzotik abiatu, San Gregorio igarota Kaxetara iritsi, eta Aiaraino igoko dira. Hango plazan buelta hartu, eta goitik behera San Martinera itzuliko dira. 17,3 kilometro dira.
Lasterketa 11:00etan hasiko da. Gehienez bi orduan bukatu beharko da. Haurrentzat korrikaldi txiki bat ere egingo dute, San Martin auzoan bertan.
Izena aurrez emateko ataun.net eta kirolprobak.com webguneetan dago, larunbat gaueko hamarrak arte. 10 euro da, kasu horretan. Egunean bertan, 10:00etatik aurrera ere apuntatu ahalko da, 15 euroan.
Gehienez 400 korrikalarirentzat tokia dago. Aldagelak eta dutxak Auzoeta kiroldegiak dira. 18 urte beteta izan behar dira, irteteko.
Sariak lehen hiru gizon eta emakumeek, beteranoek, lehen ataundarrek eta ataundar beteranoek jasoko dituzte. Partaide denei produktu sorta oparituko diete, eta zozketak izango dira.
Denbora-marken haustaileek 300 euroko gainsaria dute. Gizonetan 56:12 minutu eta nesketan 1:07:13 ordu dira errekorrak.