Barne mugikortasun akordioaren aurka protesta egin dute ospitaleko langileek
Zumarragako Ospitalearen kudeaketa «autoritarioa eta gardentasunik gabea» dela salatu dute sindikatuek eta elkarretaratzea egin dute «inposaketekin» amai dezaten eskatzeko. Ospitaleko Zuzendaritzarekin bizi duten egoera «jasangaitza» dela argudiatuta, bertako langile nahiz
Zumarragako Ospitalearen kudeaketa «autoritarioa eta gardentasunik gabea» dela salatu dute sindikatuek eta elkarretaratzea egin dute «inposaketekin» amai dezaten eskatzeko.
Ospitaleko Zuzendaritzarekin bizi duten egoera «jasangaitza» dela argudiatuta, bertako langile nahiz erabiltzaileen aurrean egoera horren berri emateko beharra dutela azaldu dute ELA, LAB, Satse, SME, UGT eta CCOO sindikatuetako kideek. Lau urtez mugikortasun prozesurik gabe egon ondoren, orain deitu duten prozesua «guztiz iluna» dela salatu dute.
«Administrazio Publikoko prozesu guztiek oinarrian izan behar duten meritu, berdintasun eta gaitasun printzipioen kontrakoa». Langileen plazen mugikortasuna erraztuko balute, zerbitzu-eginkizunak salbuespena izango liratekeela uste dute.
Orokorrean, langileen aurkako eskubide urraketak izaten ari direla ere salatu dute sindikatuek. Gainera, zuzendaritzak «beldurra» erabiltzen duela diote langileekin. Senideak zaintzeko lanaldi murrizketei uko eginarazi izan dela salatu dute, adibide gisa.
Eguneroko jardunean, langileen egoerak okerrera egiteko arrazoiak azaltzeko garaian, beste hainbat adibide ere eman dituzte: «Oheak zentzugabe itxi eta irekitzeak, eta horiek kudeaketa txarren ondorioz, langileek bere gain hartu ezin duten gehiegizko lan karga du ondorio». Era berean, jokamolde horiek zainketa-lanen kalitatea zalantzan jartzen duela ohartarazi dute eta horrek zuzenean erabiltzaileei egiten dietela kalte.
Sindikatuko kideen hitzetan «beste garai batzuetakoak izan daitezkeen» egoerak bizi dituzte Zumarragako Ospitalean.