Kalejira egingo dute 19:00etan.Kontzertua Gernika Pasealekuko pilotalekuan eskainiko dute, 19:30ean hasita. Beste hainbat musikarik eta dantzarik parte hartuko dute txistu jaialdian.
Aitor Furundarena soinujoleak ere parte hartuko du Beasaingo txistulari alardean.
Udazken kulturalaren barruan, txistua izango da protagonista larunbat iluntzean Beasainen. Beasaingo Goizeresi Txistulari Taldearen eta udalaren ekimenez, Goierriko txistulariak Beasaingo txistulari alardean elkartuko dira, Gernika Pasealekuko pilotalekuan.
19:00etan, J.M. Iturrioz kaleko Basakana taberna parean elkartuko dira Goierriko txistulariak, pilotalekuraino kalejiran joateko. 19:30ean hasiko da kontzertua.
Goierriko txistulariez gain, Gipuzkoako beste herri batzuetatik eta Lapurditik etorritako txistulariak ere ariko dira oholtzan, Joseba Ibargurenen zuzendaritzapean.
Hamahiru abestiko errepertorioa prestatu dute. Pantxoa eta Pello, Gozategi, Sorotan Bele, Xabier Leteren doinuak entzun ahal izango dira, baita Pello Irizar beasaindarrarenak ere. Le Basque abestian bakarlari gisa ariko dira Goizeresiko kideak. Bok Espok abestiarekin Joseba Juarez dantzari zena omenduko dute, dantzarien laguntzaz. 2012an sortu zuen Juarezek Kepa Junkeraren abestian oinarritutako koreografia.
Parte hartzaile gehiago
Koskola metal boskotea, Aurtzaka eta Ostadar dantza taldeak, Aitor Furundarena eta Edurne Iturbe soinujoleak, Loinatz Musika Eskolako ikasleen abesbatza, Nekane Zufiaurre eta Eider Ormazabal abeslariak, Jon Garmendia txistularia eta albokaria, elkarteetako danbor joleak, eta Gipuzkoatik eta Lapurditik etorritako txistulariak elkartuko dira larunbatean Beasaingo oholtza gainean.