Espainiako Turismorako Estatu Idazkaritzak Goierri izendatu zuen irabazlea ekainean, eta zuzenean Europako EDEN sarean sartuko da
Maite Cruzado, Denis Itxaso, Mertxe Garmendia eta Niko Osinalde, uztailaren 6an, sariaren lehen balorazioa egiten. Arg. Asier Zaldua
Goitur Goierriko Turismoaren Garapen Agentziak EDEN saria jasoko du gaur eguerdian Madrilen, Espainiako Industria, Energia eta Turismo Ministerioan.
Sariaren berri ekainean izan zuen Goiturrek, eta gaur lehen aitortza ofiziala jasoko du. Bigarrena Bruselan izango da, abenduaren 16an.
European Destinations of Excellence-ren akronimoa da EDEN, eta
Europako Bikaintasuneko Lekuak eta Europako Batasunean garatzen diren turismo iraunkorreko ereduak sustatzen ditu. Aurten deialdiaren gaia gastronomia turismoari zuzendutakoa zen, eta Espainiako beste hautagaitza batzuekin lehian, Turismorako Estatu Idazkaritzak Goierri izendatu zuen irabazle. Horrenbestez, zuzenean sartuko da Europako EDEN sarean.
Gaurko sari-emate ekitaldiaren buru Isabel Maria Borrego Turismorako Estatu Idazkaria izango da, eta Goierri ordezkatuz honako eragileak izango dira bertan: Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Diputatua; Mertxe Garmendia Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendari Orokorra; Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria; Igor Eguren Goiturreko presidentea; eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria.