He!!zurre Fest jaialdia hartuko du Urretxuk, asteburu honetan
Duela hiru urte egin zuten, herriko musika taldeen ekimenez, lehenbiziko He!!zurre Fest jaialdia. Aurtengo edizioa asteburu honetan hartuko du Urretxuko Iparragirre plazan horretarako prestatu duten karpak. Afraid to speak in
Duela hiru urte egin zuten, herriko musika taldeen ekimenez, lehenbiziko He!!zurre Fest jaialdia. Aurtengo edizioa asteburu honetan hartuko du Urretxuko Iparragirre plazan horretarako prestatu duten karpak. Afraid to speak in public, Cobra, Los Tuertos nahiz Trata-Traka elektrotxaranga dira, esate baterako, aurtengo kartela osatzen duten izenetako batzuk. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera hasiko dira musika emanaldiak.
MuTaMu Urretxuko eta Zumarragako musika taldeen mugimenduak entsegu lokalak lortzeko hainbat eskaera egin zituen orain urte batzuk. Azkenean, Sarralde eraikina erabiltzeko hitzarmen sinatu zuten arte Urretxuko Udalarekin.
Herriko taldeen erakustoki izango zen jaialdia antolatzeko ideia buruan zutela sortu zen He!!zurre Fest. «Kolektibotik atera zen gauza bat izan zen, bi udalak laguntzak ematen hasi ziren, eta horrela hasi ginen jaialdia egiten», zioen Jon Ayuso antolatzaileak Goiberri aldizkariari egindako adierazpenetan.
Duela hiru urte lehen aldiz jaialdia egin zenetik, txandaka egiten dute urte batean Urretxun eta bestean Zumarragan.
Jaialdiak herrian egiten den musikaren erakuslehio izatea du helburu. Ez dute estilo jakin bat bilatzen, «gehienbat talde gitarreroak diren arren». Azken finean, bertako taldeek jotzeko aukera izatea eta jendeak musikarekin ondo pasatzea da asmo nagusia.