Nerea Elustondo eta Amaia Iturriotz bertsolariak, Gipuzkoako txapelketako final laurdenetan
Asteburu honetan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako lehen bi saioak jokatuko dira eta bakoitzean goierritar batek abestuko du. Larunbatean Nerea Elustondo Legazpiarrak Urretxun abestuko du eta igandean Amaia Iturriotz urretxuarrak Errenterian.
Urretxuko saioa Ederrena pilotalekuan izango da, 17:30ean. Sei bertsolarik parte hartuko dute: Agin Laburu astigarragarrak, Asier Azpiroz donostiarrak, Beñat Iguaran Villabonarrak, Eli Pagola ereñotzuarrak, Jexux Mari Irazu larrauldarrak eta Nerea Elustondo legazpiarrak. Irabazlea zuzenean sailkatuko da azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den finalaurrekorako. Aurkezle lanetan Itziar Etxezarreta ezkiotarra arituko da.
Final laurdenetako bigarren saioa Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan egingo dute, igandean 17:30ean. Lasarte-Oriako Ane Labakak, Añorgako Beñat Gaztelumendik, Orioko Iñaki Gurrutxagak, Zarauzko Iñigo Mantzizidorrek, Oiartzungo Jon Martinek eta Urretxuko Amaia Iturriotzek parte hartuko dute. Irabazlea azaroaren 29an Tolosan jokatuko den finalaurrekorako zuzenean sailkatuko da. Aurkezle lana Imanol Artolak egingo du.
Bi saioetarako sarrerak dagoeneko salgai daude, bertsosarrerak.eus webgunean. Gaztetxoek lau euro ordaindu behar dute, Bertsozale Elkarteko bazkideek zortzi eta gainontzekoek hamaika. Saioetako egunetan aretoetako leihatiletan ere eskura daitezke, 16:00etatik aurrera.
Bestalde, finalerako sarrerak ere dagoneko salgai jarri dituzte, aipatutako webgunean. Gaztetxoek hamar euro ordaindu behar dute, bazkideek 15 eta gainontzekoek 20. Finala abenduaren 20an jokatu behar zen, baina 19an jokatuko da, Donostiako Ilunbe zezen-plazan.
Lehenago, final laurdenetako bost saioak eta finalerdietako biak jokatu behar dira. Final laurdenetako azkenaurreko saioa Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian jokatuko dute, azaroaren 1ean, 17:30ean. Bertan, Iñaki Apalategi beasaindarrak abestuko du.