Ordiziako EAJko eta PSE-EEko udal ordezkariak.
Ordiziako EAJk eta PSE-EEk trabak jarri eta «errealitatea aldatzea» leporatu die oposizioko alderdiei, hauek pasa den astean egindako agerraldiaren harira. Jose Miguel Santamaria alkatea eta Iñaki Dubreuil alkate ordea prentsaren aurrean agertu dira gaur, hauteskundeen ondoren hartutako konpromisoak betetzen ari direla berresteko. Hondakinen bilketa sistemari buruzko kontsultarekin aurrera jarraitzeko konpromisoa ere azaldu dute. «Kontsultarako prozesua hasita» dagoela eta oposizioko alderdiak prozesu hori gelditzen saiatzea «penagarria» dela azaldu du alkateak
Azken plenoko gai nagusietako bat izan zen hondakinena, baina horrekin batera, Legealdiko Plana ere hizpide izan zuten. Plan horren helburua «adostasuna eta kontsentsua bilatzea» dela azaldu du, eta «herritarren, udal langileen eta ordezkari politikoen artean, datozen lau urte hauetan, gure herriaren alde zerbait egitea».Oposizioko alderdiek bi gai horietan kontra bozkatu zutela eta «oztopoak» jartzen ari direla ere salatu dute bi alderdiok.
Gainera, «posizio biktimistak» asmatzen aritzea leporatu diete EH Bilduri eta Ordizia Oraini, «bazterrak nahasteko» helburuarekin. «Bidegabe jokatuz errealitatea aldatzeko ahaleginak» egiten dituztenen aurrean, «epaia ordiziarrena» izango dela azaldu dute.
- Informazio osoa bihar, Goierriko Hitzaren papereko edizioan