Ordizian elkarteko dendari eta tabernari guztiek parte hartuko dute egitasmoan. Elkarteko dendetan erabiltzeko 500 euroko bi erosketa txeke zozkatuko dituzte bezeroen artean.
Ordizian Merkatari Elkarteak, herriko denda eta komertzio txikien aktibitatea bultzatzeko ibilbidea prestatu du. Dendariek promozio txartel batzuk banatuko dituzte bezeroen artean; herriko dendetan kontsumitzen duten bakoitzean, txartel horietan zigiluak jarriko dizkiete dendariek, eta betetzen dutenean, zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. 1.000 euroko balioa duten sariak zozkatuko dituzte parte-hartzaileen artean.
Ordizian merkatari elkarteak bultzatu du egitasmoa, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Josune Intxausti elkarteko kidearen arabera, «urtean zehar kanpaina ezberdinak egiten ditugu, baina oraingo honetan zer edo zer desberdina egin nahi genuen, berezia, ea horrela herriko merkataritza pixka bat bultzatzen dugun». Merkatarien artean harrera ona izan du kanpainak, eta Ordizian elkarteko kide diren denda eta taberna guztiek parte hartu dute. Intsausti gustura agertu da, «oraingo honetan denak animatu» direlako. Guztira 92 komertzio direla azaldu du.
Parte hartzeko, elkarteko kide diren komertzioetan ematen duten kartilla edo txartela bete behar da. Intsaustik azaldu duenez, helburua «8 denda edo tabernetan zigilua jartzea» da. Zigilu horiek, komertzioetan zerbait kontsumitzearen truke emango dituzte; «berdin du zer den, pintxo bat edo alkandora bat, kontua zerbait erostea da». Behin zigilu guztiak lortuta, Barrena kultur etxean jarri duten postontzian bota beharko dira.
Bi txandatan
Ordizian Ibilbidea kanpaina bi txandatan egingo dute. Josune Intsaustiren arabera, «bi ibilbide jarri ditugu, bi epetan egingo dugulako». Astelehen honetan hasi eta urriaren 31ra artekoa izango da lehena. Txanda horri dagokion zozketa azaroaren 2an izango da, 12:00etan, D’Elikatuz zentroan. Bigarren txanda berriz, azaroaren 2tik 14ra bitartekoa izango da. Horren zozketa berriz, azaroaren 16an egingo dute, ordu eta toki berean. Zozketa horien sariak, Ordizian elkarteko dendetan gastatzeko 500na euroko bi opari txeke izango dira.