Herrigintzan eta hainbat taldetan ibili ondoren, udalaren ardura gorena hartu du Zelai Amenabarrok (Legorreta, 1985). Behin zinema berritzen bukatutakoan, giza baliabideetan egin nahi dute ahalegina.
Alkate karguan hasi berria zara. Zer moduz?
Hasi berria naiz, bai. Herrigintzan arlo askotan ibili izan naiz, baina udaletxe barru-barruan orain arte ez. Ikasten ari gara.
Nola hartu zenuen hautagai izateko eskaintza?
Proposatu egin zidaten. Egia esan, espero nuen zinegotzi izateko proposamena jasoko nuela. Azken batean, denbora asko daramat talde askotan lanean. Udaleko dinamikan ere sartuta nengoen, lantaldeetan eta. Dabilenari pasatzen zaio, eta espero nuen zerbait. Baina alkate izatekoa, hori ez. Asko pentsatuta, garaia izan zitekeela, eta galdera batzuei erantzuten hasita, hona eraman ninduten erantzunek.
Zer egin zaizu bitxiena?
Administrazioa bera; epeak, diru kontuak, dena aurrekontuari begira dago, diru laguntzak… Ez nuen ezagutzen. Zeren, bestelako kontuak, herritarrekiko tratua, haiei eman behar zaien erantzuna eta, lan horiek errazago egiten dira. Gainera gustatu egiten zait, hor ondo sentitzen naiz.
Egitura administratiboa edukiz betetzea dagokizue kargudunei. Nola hornituko duzue?
Lantaldeetan funtzionatzen dugu. Gure plangintza erakutsi genuen, baina hori guk markatzen dugun bidea da; herritarrekin, eskuinera edo ezkerrera, bide horretan aldaketak izaten dira. Baina ildo bati segituta behintzat. Lantaldeak dira lan dinamikaren oinarria.
Zer lanekin edo proiekturekin hasi zarete?
Gure proiektu handia zinema dugu, orain. Martxan jarrita zegoen proiektua, eta guri obra hasiera tokatu zaigu. Aurreko agintaldian egin zen parte-hartze prozesua, eta han erabakitakoa orain egikaritzea dagokigu. Obrak uztailean hasi ziren, eta azaroaren bukaeran amaitzea espero dugu. Gero, eszenografia muntatuko dugu, eta harmailak ere jarri nahi ditugu.
Zer suposatuko du Herri Zinema berria edukitzeak?
Oso proiektu polita da, eta hasierako ilusioz gaude horrekin. Azken batean, ez da izango zinema bat bakarrik; edukiz beteko dugu. Herritarrentzat aretoa izango da, euren beharrak aseko dituena, herriko taldeek eta eragileek bertan izango dutelako euren gauzak burutzeko tokia.
Arau Subsidiarioetan aldaketa puntual bat egin duzue.
Aurreko osoko bilkuran hasi ginen. Herriko etxeetako behe solairuetako neurria aldatzeko da. Aldaketa puntuala da; Arauek oraindik badute garapen tartea.
Datorren urteko aurrekontuan inbertsio handirik badatorke?
Azaroa izango da aurrekontua lantzeko garaia. Oraingoz, inbertsio handirik ez daukagu. Gainera, zinemarekin diru dezente gastatu dugu. Aurreko agintaldian etxeko lanak ondo egin zituzten, eta udalak dirua aurreztu zuen. Orain izan dugu aukera lehen aurreztutakoari etekina ateratzeko. Hurrengo urtera begira, diru inbertsiorik ez da planteatzen, giza baliabideak mugitu nahi ditugu gehiago.
Zer zentzutan?
Ongizate lantaldean, adibidez, talde sendoa dago. Aurreko agintalditik martxan segitu du, eta ez da egon etenik edo talde aldaketarik. Oso-oso dinamikoa da, lan oso ona egiten du. Boluntario sare bat osatzea da Ongizatean daukagun proiektua. Urteko ekitaldiak asko izaten dira: Elkartasun Azoka abenduan… Denbora Bankua esaten zaion horri heldu nahi genioke orain; belaunaldiak elkartu nahi ditugu, adin desberdineko jendearen artean harremana sortzeko. Bestetik, Berdintasun lantaldea sortu dugu. Orain arte Ongizatearen barruan zegoen, baina indar handiagoa eman nahi zaio.
Boluntario sarea zertara bideratuko duzue gero?
Orokorra izango da. Beharraren arabera, edo norberak eman dezakeenaren arabera, eman dezakeena eta jaso nahi duena elkartuko dira.
Lanen arloan, zer egingo da?
Hasi ginenetik, Bidarte auzoan uraren saneamendua egin da, eta asfaltatze lanak egingo dira orain. Beste bi bide asfaltatzeko asmoa ere badugu: hilerrirako bidea eta Bartzaonako bidea. Bestalde, eskola inguruan aparkartzeko modua aldatu dugu, oinezkoei eta, batik bat, eskola-umeei lehentasuna emateko. Hirigintza lantaldearen lehentasuna trafikoa berrikustea eta aparkatzeko arazoari irtenbidea ematea izango da. Autoa gaizki aparkatzeko joera handia dago, eta saihestu nahi dugu. Betiere, oinezkoa izango da lehentasun.
Herri Zinema martxan jartzeak, kultura mailan herri osoko eskaintzea egituratzea ekarriko duela esan zenuten.
Bai. Eragileekin prozesu bat egin nahi dugu, nola koordinatu ikusteko. Parte-hartze prozesua ere beharraren arabera egin zen, horretarako. Baina orain egoera hau daukagu, beharrak hauek dira, eta nola koordinatu pentsatu behar da. Ekintza guztiak zinemara ere ez ditugu eraman behar, kolapsa ez dadin. Dauzkagun areto guztiak koordinatu behar dira, eta denentzat.
Legorretan mugimendu handia al dago herrigintzan?
Oso. Talde asko daude, eta eurek daukate dinamika; ez daukazu atzetik ibili beharrik, hau edo hura egin al dezaketen eskean. Askotan, beraiek etortzen dira udalera, zer daukaten esatera, laguntza eskatzera… Iniziatiba handia daukate. Kurtso hasieran, adibidez, ikastaro pila bat sortu dira, batzuk udalak antolatuta eta beste asko herritarrek. Zinema obretan dagoenez, gertatu da aretoekin motz samar geratzea. Buruhaustea da, baina oso seinale ona, gustuko lana.
Ekonomikoki nola dago udala?
Ez daukagu mailegurik. Nahiko saneatuta dago, etxeko lana egin delako: aurrezten aritu dira aurreko urteetan, eta egoera onean aurkitu dugu. Politika ekonomikoa, zorretan ez sartzea izango da: dagoenean egiten hasi, ez dirua pilatu gabe hasi.
Etorkizunerako, badaukazue buruan beste proiektu edo egitasmo handiagoren bat?
Ez. Azpiegitura aldetik oraindik behintzat ez. Ikusiko dugu lantaldeetan ea beste eskaeraren bat sortzen den. Azken batean, guk jarriko dugu bidea, baina lantaldeetan sortuko dira ideiak. Krisi garai honetan ere, lan aldetik ikusi nahi dugu zer sortzeko aukera daukagun: ekintzaileei lagundu, inork proiekturen bat balu, lokalak eskaini…
Etxegintza aldetik, sustapenen bat bultzatuko du udalak?
Alokairua bultzatu beharra daukagu, eta hori izango da hurrengo urteetako bidea. Gaur egun herrian aukerarik ez dagoela ikusten dugu, baina etxe hutsak badaude. Ez dakigu jabeek alokatzeko kezka daukatelako den. Bitarteko izan nahi dugu: etxe hutsen inbentarioa egin, gazteekin eta jabeekin bildu zer behar dagoen ikusteko, eta horretara bultzatu.
Nola nahiko zenuke 2015-2019 agintaldi hau igarotzea?
Nahi duguna da hemen hartzen diren erabakiak herritarrekin hartzea. Eta, batik bat, haiek jakitea zer egiten dugun. Hori oso garrantzitsua iruditzen zait. Askotan, iruditzen zait huts egiten dugula horretan. Komunikazio estrategia bat lantzen hasita gaude, sare sozialen eta teknologia berrien bitartez indar handiagoa egin nahi dugu. Webgunea gehiago baliatu nahi dugu, LUA aldizkaria bihilabetekaria izango da. Zein diren lehentasunak, zertan jartzen dugun indarra, zeren alde egiten dugun; hori jakitea ezinbestekoa iruditzen zait.