Orain lau urte hasitako proiektu eta helburuei jarraipena ematea da Eñaut Telleria (Segura, 1977) alkatearen bide-orria. Datozen urteei begira udalak dituen egitasmoei buruz hitz egin du.
Zer moduz daramatzazu lehen hilabete hauek alkatetzan?
Kargua hartu eta lehen hilabeteetan, lana eta biak egiten aritu naiz, eta momentu batean Kilometroei eskaini behar izan diot dena. Eta bestela tokia hartzen nabil, martxa hartzen.
Asko aldatu al zaizu herriari begiratzeko modua alkate zarenetik?
Aldatzen da bai, eta beste begi batzuekin ikusten dituzu gauzak. Lehen, herritar modura, zuretzako arazo ez zena, orain ardura gehiagoz ikusten duzu. Beste perspektiba bat da.
Eta herritarrekiko tratua zer moduz daramazu?
Ondo. Herritarrek beraiek konturatuarazten dizute alkatea zarela. Udaletxera jende asko etortzen da, baina kalean ere jendeak gelditzen nau. Gehienak eskariak izaten dira, erantzun egin behar zaie, baina erantzun horiek ere ondo aztertutakoak izan behar dute.
Alkatea aldatu da, baina alderdia ez. Aurreko proiektuaren jarraipena egingo duzuela pentsa daiteke.
Bai, dudarik gabe. Aurreko legealdiaren balorazioa ona da. Helburua udaletxea zabaltzea zen; batek esan zidan, gu ez garela agintariak, kudeatzaileak baizik, eta aginte puntu hori herritarrei eman behar zaiela. Aurreko legealdian bide horretatik hasi ziren, aurrekontuetan herritarrei parte hartzeko espazioa eta aukera eskainiz, edota herriko proiektu ezberdinen inguruan jendeak zer nahi duen esateko aukera emanez. Orain, bide horretatik segi eta sakondu egin nahi dugu.
Aurrekontuekin eta hondakinekin egindako prozesuez gain, Errebote eraikinarekin zer egin erabakitzeko prozesu bat egin zen aurreko agintaldian. Zertan dira gauzak?
Apustu garrantzitsu bat daukagu Erreboterekin. Eraikina bota ala txukundu erabakitzeko prozesu bat izan zen, eta herritarrek botatzea erabaki zuten. Orain, eraikina botatzeko behar diren aldaketak egin dira, eta plenotik pasa ondoren, aldundiaren baimenaren zain gaude botatzen hasteko. Behin bota eta gero, bigarren fase bat hasiko da. Herriaren erdi-erdian dagoen gune bat da, eta hor zer egin herritarrekin erabaki nahi dugu.
Plazan estalpe bat egiteko dagoen eskariari irtenbide bat eman al dakioke Errebote dagoen eremu horretan?
Herrian entzuten den gai bat da, batez ere negu partean estalpe baten falta dagoela, eta nik neuk ere faltan sumatu dut hori. Horregatik da garrantzitsua Erreboteko prozesuaren bigarren fase hori, momentuz ez baitago ezer hitz eginda.
Batzordeak-eta martxan jarri al dituzue?
Oraintxe. Batzorde dezente ditugu: hirigintza, ogasuna, ingurumena, kirolak, euskara, kultura, helduak, hezkuntza, garapen ekonomikoa, turismoa, parekidetasuna… Aurki hasiko gara batzordeetako bilerak egiten, eta herritar guztiak animatu nahi nituzke bertan parte hartzera.
Zeintzuk izan dira azken hilabeteetan egindako lanak?
Obra kontuak gehienbat, aurreko legealditik zetozenak eta exekutatzea falta zirenak. Frontoiko aldagelak berritu dira, Mojardin baserrirako bidea egiten ari dira, hilerriko obraren zati bat…
Laburbilduko al dituzu agintaldi honetarako dituzuen lehentasunak?
Udaletxea ireki eta herriko erabakietan herritarrek parte hartzeko bide horri jarraipena ematea da lehentasunetako bat. Gero proiektu ugari daude: Errebote eraikina, hilerria berritzea, turismo plana egitea, Berdintasun planak eskatzen dituen lanei erantzun bat ematea… Igerilekuak ere errepaso on bat eskatzen du, zerbitzua ematen du, baina zaharkituta dago. Horrez gain, aurreko lau urteetan inbertsio handia egin da LED argiak jartzeko, eta hurrengo pausoa izango da udal eraikinetan ere aldaketa hori egitea.
Zerkaldeko lanak bukatuta, hiri antolaketa aldetik beste zer urrats egin behar dira. Arau subsidiarioak lantzen ere hasi zen aurreko udal taldea.
Erronka handia dugu arau subsidiarioekin. Hor batzorde guztiak sartzen dira, eta parte-hartzeari garrantzia emango diogu. Ideia batzuk badaude, baina beste lanketa bat eskatzen dute.
Turismo plana aipatu duzu. Zer oinarripean garatuko duzue?
Iruditzen zaigu erakusteko moduko herria dugula, jendea erakarri dezakegula, eta horrek, dinamika bat sor dezakeela herrian, turismoaren inguruan lanpostuak sortuz. Hala ere, eztabaidatu eta erabaki egin beharko dugu nolako turismoa nahi dugun. Nire iritziz, Segurako herri izaera kolokan jarriko ez duena izan beharko luke. Jendea erakar dezakegu, baina gero jende horri hemen gelditzeko baliabideak eman behar zaizkio, bai lotarako, bai jateko… Eta plan horrek hori guztia jaso nahi du. Seguran oraintxe ari dira Imazenea bukatzen, baina orain arte Ondarre nekazalturismoa bakarrik zegoen lotarako.
Komertzio eta zerbitzu aldetik zer urrats gehiago egin behar dituzue? Komertzio txikia, lehen sektorea eta turismoa elkarrekin lanean aritzeko politikekin jarraitu behar al duzue?
Bai, herri programan ere jaso genituen elikadura eta energia burujabetza bezalako kontzeptuak. Helburu utopiko hori lortzeko pauso praktiko moduan badugu adibide bat, bere garaian, Euskal Herritarrok alkatetzan zela, ahalegin bat egin zen herrian ekoizten ziren produktuak saldu eta herritarrek horiek erosteko herriko komertzioetan, zirkulu bat osatuz. Guk filosofia horrekin bat egiten dugu.
Herri bizia ere bada Segura, kultur ekimen asko dituena.
Ez dut esango egutegi guztia betetzen dugunik, baina herri bizia da bai, eta gauza asko egiten dira urtean zehar. Eta eskerrak! Seinale txarra litzateke udala bakarrik izatea gauzak antolatzen dituena. Herritarrek aginte horren parte izan behar duten moduan, eragileek ere udalari tira egin behar diote, eta udalak babesa eman. Kultur, kirol eta gizarte eragileek antolatzen dituzten ekintzen bidez harremanak lantzen dira, eta gauza berriak sortzeko aukerak ere bai.
Azken urteetan inguruko herrietatik jende dezente joan da Segurara bizitzera. Joera horrek jarraitzen du ala pixka bat baretu da? Nolako garapena beharko luke?
Duela 10-15 urte, eskualdeko herri handienetan pisuen prezioak gora egin zutenean, Segurara gazte dezente etorri ziren, eta hori biztanle kopuruan ere nabaritu da. Urte askoan 1.300 biztanleen inguruan ibili gara, eta azken datuen arabera 1.480 gara orain. Gazte horiek seme-alabak-eta izan dituzte, eta herria hazi egin da. Baina orain ematen du pixka bat baretu dela: etxebizitza proiektuak geldirik daude, etxe hutsak ere badaude…