Lazkaon hondakinak "berriro nahasian botatzeko aukera" ireki dela salatu du EH Bilduk
Lazkaoko EH Bilduk hondakinen bilketa sistema berria kritikatu du, atzo emandako prentsaurrekoan. Udalak datorren astean edukiontziak jarriko ditu atzera kalean, eta atez ateko bilketa modua —2013ko urriaren 4an hasi zen— kenduko du. “Berriro ere hondakinak nahasian botatzeko aukerari bidea ireki zaio, eta guk hori ezin dugu defendatu”, salatu du EH Bilduk.
Hondakin bilketaren gaiak “talka politikorako norabidea” hartu duela iritzi dio, “berriro”. Atez atekoarekin birziklapen tasak inoiz izan duen gorakadarik handiena izan duela gogorarazi dute. Bi urtean %43tik %76ra igo dela nabarmendu du Bilduk. “Igo arren, EH Bilduren aurka egiteko erabili dute beste alderdi politikoek”, EAJri eta PSEri erreferentzia eginez.
Lazkaoko Udalaren erabakiarekin oso kritiko agertu dira: “Atez atekoaren aurkako plataformaren buru izandatu zirenak, sinadurak ekarri zituztenak, orain Lazkaoko udal zinegotzi eta kudeaketaren arduradun bihurtu dira. Plataformako kide zirenean, hainbat eskari egin zituzten udalean. Adibidez, herri galdeketa beharrezkoa zela, eta sentsibilizazioaren bidez helburuak lor zitezkeela esan ziguten”.
Udal gobernura EAJ ekainean itzuli zen, maiatzeko hauteskundeetan gehiengo osoa lortu ondoren. “Herritarren gehiengoak eman zien zilegitasunarekin, hondakinen gaia azken lau urteetan exijitu zuten modura jorratzeko aukera ematen zien, baina hori egin ordez, hondakinen bilketa sistema inongo sentsibilizazio prozesurik, inongo erabaki esparrurik eta inongo galdeketarik egin gabe aldatu behar dute”, deitoratu du EH Bilduk.
Hala, EAJk eta PSEk azken lau urteetan Bilduri egin dizkion “kritikak eta erasoak” hutsaren pare geratu direla ziurtatu du koalizioak.
Bilketa berriari buruz “informazio falta ikaragarria” dagoela erantsi dute. Hondakin sortzaile bereziekin zer gertatuko den ez dakitela diote, bilketa tokiak non egongo diren ere ez, eta ezta landa eremuan nola bilduko den ere.
EH Bilduren aburuz, “talka” ez da hondakinak nola biltzen, “baizik ez sortzean; eta, sortuz gero, tratamenduan eta berrerabilgarritasunean”. Hainbat galdera jaurti ditu koalizioak, eta gaur egungo “%76ko birziklapen tasa baino altuagoa” izango al den galdegin du. “Sistema aldaketak dakarren inbertsio ekonomikoa justifikatuta al dago? Hondakinak ez sortzeko eta kudeaketa jasangarriaren pentsamoldea zabaltzen ari den honetan, ez al gara berriro kontrako norantzan abiatuko? Benetan errauskailuaren beharra al dugu, edo behar hori sortu nahi digute?”.