Legorparty ordenagailu topaketa gaurtik igandera izango da, kultur astearen azken txanpan
Legorretan urtero egiten den informatika zaleen topagunea gaur zabalduko dute. Legorpartyn gaur 17:00etatik igandeko 20:00ak arte etenik gabe ibili ahalko da. Izena emanda (legorparty.es.tl), Patxi Ezkiaga Kultur Etxeko zerbitzu nahiz ekitaldietan parte hartu ahalko da.
Aurten, PC-Xbox 360 lehiaketak izango dira, joko estilo askotan. Sariak emango dituzte. Bestetik, partaide guztiek elastiko bana jasoko dute opari, eta bihar gaueko afaritarako ogitarteko eta edari bana emango diete.
Kultur astean, bihar Sagar Eguna
Legorretako kultur astea ere igandera arte da. Gaur jubilatuen jokoak (16:30), buruhandiak (19:00), Dar-Darren Gutako bat, edo bat gehiago? dokumentalaren aurkezpena (20:00), eta 21. Mus Txapeketa (23:00) jokatuko dira.
Bihar Sagar Eguna da. Guadalupeko ermitatik plazara garraiatuko dituzte sagarrak, 11:00etan. Aldaieta jubilatu elkartekoak eta Ugaro herri eskolakoak ariko dira, belaunaldien arteko uztarketan. Irrintzi Alai dantza taldearen agurraren ondren, egunean zehar bi prentsaldi egingo dizkiote sagarrari: 11:45ean eta 17:30ean. Arratsaldean, sagar moten eta deribatuen erakusketa ere jarriko dute, 17:00etatik aurrera.
Eguna bukatzeko, eta 400. urteurreneko egitarauarekin bat eginez, bertsolarien saioa izango da, Jainkoneko terrazan (Olaso tabernaren aurrean). Julio Soto eta Iker Zubeldia ariko dira, 20:00etatik aurrera.
Etzi auto klasikoen topaketa egingo dute Legorreta. Ibilgailu klasikoak, antigoalekoak eta zaharrak erakutsiko dituzte, plazan, 10:00etatik 18:00etara.

Legorparty topaketa bat, Legorretako kultur etxean./Aimar Maiz