«Gurea herri musika da, taldekideak hortik gatoz, eta horixe lantzen dugu»
Urriaren 8an aurkeztu zuten Donostian Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k eta Eleuterio Jauregi Beloki-k (Zaldibia, 1956) elkarrekin grabatu duten zortzigarren diskoa: Egurre. ...
Urriaren 8an aurkeztu zuten Donostian Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k eta Eleuterio Jauregi Beloki-k (Zaldibia, 1956) elkarrekin grabatu duten zortzigarren diskoa: Egurre. Taldearen historiako kantu ezagun moldatuak kantu berriekin uztartu dituzte, eta «zubi lanari» tartea egin diote. 25 urteko bidea egiteko sekretua naturaltasunean egon daitekeela uste du, baita konstantzian ere.
Zer hausnarketa egin duzue Egurre diskoa sortzeko prozesuan?
Betitik, edo azkeneko urteotan behintzat bai, buruan izango dugu bilduma bat egitea, baina noski, bilduma bat egiteko pentsamendua izan arren, sortu ditugu kantu berri batzuk, eta horiek ere sartu beharra geneuzkala pentsatzen genuen. Esan genezake hau dela gure izate musikala islatzen duen diskoa.
25 urteko ibilian bizirik segitzen duzuela aldarrikatzeko modu bat da, ala zuen historia laburbiltzeko disko bat?
Plazari, erromeriari, komunikazioari eta festari lotutako erritmo dantzagarriak biltzen dituen disko bat da. Eta bizirik gaudela aldarrikatzeko ere bai, baina bizirik gaude lau urtean behin diskoa grabatzen dugulako eta jotzen dugulako, guk ez dugu bestelako meriturik egin. Guk egiten duguna da jo, eta lau urtean behin disko bat grabatu, eta hori inportantea da. Trikitilari bezala ez dugu asko jotzen, baina hemendik ateratzen gara: Pirineos Sur jaialdian jo dugu aurten.
Eta zer ikasi duzu urte hauetan guztietan plazarik plaza ibilita?
Ikasi dudana da gauzak era natural batean egiten, ondo samar egiten, jendearekin komunikatzen eta, batik bat, gauzak ez gaizki egiten; hortik ondo egitera badago salto bat.
Makina bat plaza egina bai honezkero. Konturik atera al duzue?
Ez, ez dugu konturik atera. Ehunka batzuk izango dira.
Eta azkena?
Zaldibian, Santa Fe bezperan. Hemen esaten da inor ez dela profeta bere herrian, baina Zaldibian urtero jotzen ari gara, eta oso eskertuta nago herritarrei, udalari, gazteei…
Eta zer moduzko emanaldia izan da?
Oso polita ateratzen da beti. Zaldibiak badauka puntu berezi bat guretzat. Musikalki irekia dela esango nuke, eta edozer gauza jo daiteke: beste erritmo batzuk, cumbyak, rock and roll pixka bat, rantxerak, kalejirak, polkak, euskal dantzak… Ez da erromeria leku itxi bat, eta guri asko gustatzen zaigu hori, dibertigarriagoa da.
Plazarako bokazioarekin jaiotako taldea zarete. Plaza al da horrenbeste urte irautearen arrazoia?
Bai, izan daiteke. Uste dut musikariek, oro har, irauten dutela izen bat egiten dutelako. Pantxoa eta Peiok, esate baterako, oraintxe utzi dute, baina orain dela bi urte arte sekulako emanaldi piloa egiten zituzten. Eta konstantzia ere badela esango nuke. Urte asko dira, disko dezente grabatu ditugu, dezente jo dugu, telebistan gauza batzuk egin ditugu…
Ze itxura hartzen diozu plazari?
Oro har, ez dut gaizki ikusten plaza. Nostalgiko jarriz gero, gu gazteak gineneko Egan-en plazak ez dira existitzen kasik; existitzen dira, baina ez dantzaldi edo erromeri moduan, baizik eta kontzertu moduan. Baina gauzak antolatzen badira ondo samar berdin-berdin funtzionatzen dute: jendea inguratzen da, dantza egiten du eta ondo pasatzen du.
Imuntzo eta Beloki ez zarete bakarrik Juan Ramon Azpitarte eta Eleuterio Jauregi. Zergatik taldea osatzeko erabakia?
Nahi baduzu musikalki eremua zabaldu eta jendeari hiru edo lau orduko erromeri bat eman, zaila da bi lagunek bakarrik egitea, posible izan arren. Gu askoz hobeto sentitzen gara beste bi lagunek atzetik babesten bagaituzte, eta horrek, gainera, beste era batera janzten du kantua. Gu erosoago sentitzeko sortu genuen taldea, gusturago sentitzeko. Oso inportantea da hori, gero plazan asko antzematen baita.
«Esan genezake ‘Egurre’ dela gure izate musikala islatzen duen diskoa»
«Gu erosoago sentitzeko sortu genuen taldea, gusturago sentitzeko»
«Gu ez gara ia horren gazteak, eta guretzat aurrekoek egindakoak garrantzia dauka»
«Zaldibian urtero jotzen ari gara, eta oso eskertuta nago herritarrei, udalari, gazteei…»
Tresna digitalek country-folk estilotzat izendatzen dute zuen diskoa. Zuk nolakoa definituko zenuke?
Bai, nik uste herri musika dela gurea, taldekideak hortik gatoz eta horixei lantzen dugu. Hala ere, kontzeptu horietan galtzea ez zait asko gustatzen, oso zabalak dira eta.
Urolako trena, Ostiraltxo-ren kalejira, Ai Ama!-ren cumbya… Lehen horretan Landakanda pandero-jotzaileak parte hartu du, 83 urterekin. Zer ahalegin dago horren atzean?
Hor dago sentimendua, eta zubi lana. Zergatik? Gu trikitilari oso gazteak ez gara, baina ibilbide bat badaukagu, eta gure aurretik beste batzuk izan dira, guretzat inportanteak izan direnak. Lehen trikitixan ez zen kantatzen, Landakanda da aurrenekotako bat, eta gainera, ondo kantatzen zuen. Ni kantuzalea naiz, eta Landakandarekin kantatzeko ilusioa nuen, aspaldi esanda neukan, eta horixe egin dugu.
Eta berriz ere Maider Ansaren ahotsa. Zergatik?
Arrazoi asko egon daitezke. Maider Ansa asko gustatzen zaigu, berarekin harreman artistikoa izan dugu eta harreman pertsonal ona dugu. Diskoari emakume baten ahotsak beste kolore bat ematen dio, eta nire ustez hori bilatzea inportantea da, diskoa jantziagoa geratzen da, atseginagoa.
Gora Afrika-ren bertsio berritua, Bizi pasioak rantxera eta Nafarroa abestia Ansaren ahotsean. Nafarroari keinu egiten diozue. Zergatik?
Gu ere nafarrak gara eta! Beti izan da guretzat inportantea Nafarroa, eta iruditzen zait Nafarroan gertatu den eraldaketa politiko hau historikoa dela. Nolabait, euskalduntasunarekin beldurtzen zen jendea jaun eta jabe ibili da ez dakit zenbat urtetan, eta inor gutxik pentsatzen genuen inoiz aldaketa bat gertatuko zela hainbat faktore elkartu direlako tartean.
Nahia, Sorgindu berritua, eta alboka Bizardunak abestian, Iruñeko sanferminak gogoan. Uztartze bitxia?
Hala da, bai. 2013an bizardunek ikurrina erraldoia zabaldu zutenekoa gertakizun historiko bat da, abestian diodan bezala munduratu egin ginen, eta uste dut kopla bat merezi zutela. Gauza ilunekin daukagu Euskal Herria osatuta, eta tarteka horrelako gauzak gertatzen direnean, inportantea da gogoraraztea, irrifar egiteko eta aurrera egiteko. Bizkaiko erritmo tradizional bat erabili dugu gertaera hori kontatzeko.
Mikel Goñi eta Gizontxo gizentxo ezagunak… eta Mauriziari keinu azkenekoan, jatorrizko audioari ekarpen batzuk eginez.
Gure ibilbideko kantarik esanguratsuenetako batzuk dira, eta horiek errekuperatu nahi izan ditugu gaur egun jotzen ditugun bezala. Eta Mauriziarena ere berdin. Maurizia zen, nola esan, folk mundutik datorren lehenengo punkia. Bere jarrera oso punkia zen. Jean Phocasekin Elkarren grabatu zuen diskoa 1979. urtean: jarri zen estudioan, kantatu zituen zekizkien koplak, eta batzuetan ikusten da kopla bat bukatu eta hurrengoan ez dela hasieratik hasten. Kantu moldatu hori hor geldituko da historiarako, eta hemen ere zubi lan bat dago.
Zergatik zubi lan hori? Galtzeko beldurra da, ala noizbehinka iragana gogora ekartzeko ariketa bat?
Lehengo gauzak atera behar ditu sentitzen dituenak, uste dut naturalak izan behar dugula. 18 urteko gazteek esan dizute bakean uzteko Mauriziaren kontuekin, eta hori normala da, baina gu ez gara ia horren gazteak, gure ibilbidea egin dugu, eta guretzat aurrekoek egindakoak garrantzia dauka. Argi dago Landakandari eta Mauriziari keinu bat egin nahi izan diegula. Zubi lan bat egin dugu hala sentitzen dugulako.