Beste lau urterako alkate makila hartu du Jokin Garmendiak (Olaberria, 1965). Ihurre esku publikoetara pasatu, auzoa berritu eta biziberritzea izango da agintaldiko helburu handietako bat.
Bigarren agintaldia hasi duzu, Olaberriko alkatetzan.
Bai. Goierrin ez gara asko alkatetzan jarraituko dugunak. Gure kasuan, OEO taldean hari berdina da azken urteetan, ia betitik.
2011n baino babes handiagoa jaso duzue, gainera, bototan.
Bai. Herri taldeetan ezker abertzaleak parte hartzeari utzi zionetik, boto gehien atera den aldia izan dela uste dut. Gure proiektua oraingoan nahiko onartuta geratu da. Konfiantza ematen du horrek, hain gaizki ez dugu egin. Zalantzak izan nituen jarraitzea merezi zuen. Buelta asko eman nizkion, eta une nahiko txarrak pasatu nituen agintaldiaren bukaeran.
OEO hautagaitza taldea eta udalbatza berritu duzue?
Bai, batez ere udaleko aurpegiak, eta kanpoan ere bai. Jende gaztea ekartzen saiatu gara, emakumezkoak ere bai. Ihurre auzoari presentzia gehiago eman diogu; batetik, herriaren erdia —%48— han bizi da, eta erabat nahastuta dago auzoa: enpresari etxebizitzak erosten ari zaizkio, gabezia asko daude, urtetan ez da ezer inbertitu… Gure programaren %70 Ihurreri begiratuta dago.
Eta herri kaskoari begira?
Kaskoan, bere garaian egin zen herri eskola sendotu nahi dugu, eta gaztetxoen jarraipenerako zerbait. Datorren hilean, ludoteka kaskoan jarriko dugu. Ihurren eduki dugu, euskara bultzatze aldera. Baina konturatu gara gazteek kaskoan behar dutela. Aldiz, Ihurren jubilatuei indar gehiago emango diegu. Hura zaharkituta dago, eta biziberritu nahi dugu. Hirugarren adineko prestazioak bideratuko ditugu.
Olaberriak bi izaera nabarmen ditu: industriala eta landa eremukoa. Biak nola orekatu?
Bi herri dira. Baserritik oso jende gutxi bizi da, baina Goierriko beste edozein herritan baino gehiago, hala ere. Esne behiekin ekologikoan ari direnak daude, esne behiekin ari direnak, behi haragiaren zuzeneko salmenta, txakolina, piperrak, sagarrak… Olaberrian dagoen industriaren ondoan txikia da lehen sektorea, baina beste batzuekin alderatuta indartsua. Beste herri batzuek lehen sektorea dutela diote beti, eta guk 2.a edo 3.a. Baina lehenengoan ere beharbada indartsuagoa da Olaberria.
Nekazaritza gizartean gehiago erakustea komeni da, orduan?
Bai, bisibilizatu beharra dago. Badago indar bat lehen sektorean. Gertatzen da industria hain sendoa daukagula, ezen beste dena itzalpean uzten duela.
Ihurre auzunea esku publikoetan hartzearen ituna nola doa?
Sinatzear dago. Urte bukaerarako burutzea jarri dugu helburu, bi aldeek. Balorazioak egiten ari gara, oinarrizko azpiegiturak berritzeak edo erabilgarri jartzeak zer kostu suposatuko lukeen. Zesioaren aurretik, hori dirutan emateko eskatzen diogu enpresari [Arcelor Mittal da jabea]. Azkeneko puntuetan gabiltza, %5 edo 6an ez gara adosten. Baina iritsiko gara, ia-ia lotuta daukagu. Auzoan ondare batzuk izatea ere interesatzen zaigu, lokal batzuk udalarentzat izateko. Kirol instalakuntzak ere zesioan sartuta daude: igerilekua, zelaia… Hori berritzeko diru sail bat gorde dugu aurten, publiko bihurtzen den bezain pronto hasteko.
Urbanizazio proiektuarekin aurrera goaz, batez ere irisgarritasun beharrei aurre egiteko. Iaz egin genuen plana, herri guztikoa. Ihurren, bigarren obra handi samar bat bukatzear dago, eta datorren urterako hirugarren fase bat prestatzen ari gara.
Arau Subsidiarioak berritzen hasi zineten. Nola dago gaia?
Ataskatuta. Dena onartuta dago, baina tiro eremua haiek esaten duten bezala kalifikatzeak baldintzatzen du dena. Gu ez gaude ados, eta ataskatuta gaude. Orain negoziatzen ari gara ea eremua Plan Orokorretik atera dezakegun. Kontu juridikoa da.
Zein tiro eremurekin dago korapiloa: lehengoan, ala kokatu nahi duzuen toki berrikoan?
Biak. Ebazpenean ez dago batere garbi. Hori bereiztu eta Plan Orokorrarekin aurrera jo nahi dugu, zeren tresna garrantzitsua da.
Lehengo arauak agortuta daude jada?
Ez erabat. Baina zenbait arlotan murriztaileak dira arau berriak. Lehen ekipamenduko zoru hiritarra landa-lurrera itzultzen dugu, eremu dezentean. Alde hiritartuan, etxebizitzen aprobetxamendua kontzentratu dugu, Lurraldeko Sektore Plangintzak agintzen zuena bete eta eremu gehiago ez harrapatzeko. Lehen sektorearekiko ere arauak asko aldatzen dira: baserriak berriztatzeko aukerak, banatzeko, ustiapen berriak sortzeko erraztasun asko… Hori dena geldituta dago.
Gakoa tiro zelaia da? Hainbesterako garrantzia al dauka herriarentzat hori izateak?
Gakoa tiro zelaiaren izaeran dago. Guk ez dugu esaten irekitzea eta ez irekitzea. Eremu hori ez dugu kontserbatzeko eremu bezala; ekipamendu eremu izan daiteke. Baina, orain, utzi diguten bezala, ezin dugu hor arku tiraketa edo igerilekua ere jarri. Hori gainditu eta ekipamenduetarako izendatzea nahi dugu.
Plater tiro zelaia izan behar duen? Programan ere agintzen genuen: tiro eremua izateko aukera egonez gero, erreferendum bat egingo dugu, neurri zuzentzaileekin. Izan beharko balu ere, ez litzateke lehenago bezala izango, dudarik gabe.
Industrialde bat eraikitzen ere ari dira. Apustu horrek segitzen du?
Bai, martxan dago. Gipuzkoa guztian egiten ari diren bigarrena da, Irizar Adunan muntatzen ari denarekin batera. Altzairutik datorren bakarra da, apustu nahiko handia. Sustapen pribatua da. Guretzat berri ona da, zeren badakigu enpresa indartsu bat datorren urte hasierarako horra etortzeko asmoan dagoela. Mugimendua dago. Gure sostengua industria da, eta herria, udala, industriaren ekarpenetik bizi da. Arazoak ere sortzen ditu, baina beno.
Lanpostu interesgarriagoak sortzen ditu bigarren sektoreak, adibidez supermerkatuek baino. Dirudienez, teknologia aurreratuko enpresak datoz. Lanpostu duinagoak dira. Inpaktua, gainera, supermerkatu batena baino askoz txikiagoa du, garraio edo jende pasaera aldetik.
Industriak duen pisuagatik, Olaberria baliabide askoko udalerria da. Udala ekonomikoki osasuntsu dago?
Bai, arazorik gabe. Urte txarrak izan direnean begiratzen ikasi dugu. Beti ere industriari begia botata. Hemen erraztasunak dauzkate, baina gutxieneko betebehar batzuk ere bai. Altzairutegiak nahi zuten erara ibili ziren urteak izan ditugu; orain betebehar batzuk dauzkate. Multinazional bihurtu zen unetik ia errazagoa izan da hori.
Zer daukazue datozen urteetarako buruan? Nolako herria bideratu nahi duzue?
Daukagun arazoa da zahartzen ari dela herria. Ia loleku bihurtu da. Herria berritzeko apustuak eduki du ziklo bat, jende horrek seme-alabak izan dituena. Ziklo hori pasatzen ari da jada. Berriro apustu berdina egitea zaila dago, modu horrek inpaktu handia suposatu duelako. Aprobetxamendua horregatik handitu dugu, beste mota bateko etxeak egiteko. Zaharberritu egin nahi dugu dena, eta XXI. gizaldira iritsi, modernizatu: egiturak, pentsaera-eskemak, harremanak…