Maizpide euskaltegian kirol probak prestatzeko aukera ere emango dute
Kemen zentroarekin egindako hitzarmen baten bidez, Maizpide euskaltegiko ikasleek Etor Mendia prestatzaile fisikoarekin aritu eta kirol proba desberdinak prestatzeko aukera izango duteEuskara ikasteaz gain, kirol probak prestatzeko aukera ere emango du...
Kemen zentroarekin egindako hitzarmen baten bidez, Maizpide euskaltegiko ikasleek Etor Mendia prestatzaile fisikoarekin aritu eta kirol proba desberdinak prestatzeko aukera izango dute
Euskara ikasteaz gain, kirol probak prestatzeko aukera ere emango du Maizpide euskaltegiak hemendik aurrera. Kemen kirol zentroarekin egindako hitzarmen baten bidez, Maizpideko ikasleek lasterketetarako edota mendi probetarako prestakuntza jasoko dute, Etor Mendia prestatzaile fisikoak lagunduta.Jon Urdangarin Maizpide euskaltegiko zuzendariak azaldu duenez, «Maizpiden euskara irakasten dugu, eta hemendik aurrera euskaraz eta modu osasuntsuan» bizitzeko aukera emango dute. Etor Mendiak berriz, lehendik ere Maizpiderekin elkarlana badutela baina orain «bide horretan pauso bat gehiago» eman nahi dutela azaldu du. Pilotaren inguruko jardunaldi batzuekin hasi zen elkarlan hura pasa den udan, eta «izandako arrakasta kontuan hartuta, aurrera jarraitzea» erabaki dute.
Maizpiden ikasle mota ezberdinak daude, eta horien beharren araberako eskaintza egingo dutela azaldu du Mendiak. Hala, oposaketetako froga fisikoak eta Behobia-Donostia edo Quebrantahuesos bezalako probak prestatzeko, edo besterik gabe sedentarismoari aurre egiteko kirol praktikak bultzatzeko balioko du egitasmo honek. Ikasleek, entrenamenduak planifikatu eta horien jarraipena egiteko aukera izango dute, baita emaitzak ebaluatu eta hobetzeko plangintza egiteko ere.
Zamora eta Euskitze
Pasa den astean Donostian eman zuten egitasmoaren berri, eta Maizpideko eta Kemen zentroko arduradunekin batera, Jesus Mari Zamora Realeko jokalari ohia eta Xabier Euzkitze ETBko aurkezlea izan ziren. Zamorak aitortu zuen anaiak eta berak «euskara galdu» egin zutela, eta bere aurreko nahiz ondorengo senideek euskaraz badakite ere, berak ezin izan duela gozatzeko moduan erabili azaldu zuen. Horregatik, «saiatzeko momentua» dela azaldu zuen.
Euzkitzek berriz, «Etor aspaldiko laguna» duela esan zuen, Behobia prestatzeko harengana jo eta geroztik «oso oso gustura» aritu izan baita. Kirol arloan Kemen zentroak duen maila eta Maizpidek euskara irakaskuntza arloan duena alderatu zituen; hala, kirola egitea osasungarria den moduan, euskaraz ikastea ere osasungarria dela esan zuen, ez bakarrik norberarentzat, baita elkarbizitzarako ere. Horregatik, «bi hauek uztarri beretik lotuta ikustea oso ideia ederra» iruditu zaiola azaldu zuen.













