Tolosako nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartuko du Frantziako talde gazteak.
Frantziako abesbatzak bihar egingo du kontzertua Beasainen.
Tolosako nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartuko duen Frantziako Mikrokosmos abesbatzaren kontzertua izango da
bihar, hilak 28, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian, Loinatz abesbatzak antolatuta.
Ahots nahasien taldea gaztea da Mikrokosmos. Abeslariak 18 eta 30 urte bitartean dituzte eta Loïc Pierren zuzendaritzapean, errepertorioa berritzea dute helburua. Horretarako, hainbat musikagile frantziarrekin ari dira lanean. Besteak beste, Philippe Hersant, Pascal Zavaro, Thierry Machuel eta Philippe Schoeller. Frantziaz kanpoko musikariekin ere harremanetan dira: Aaaron Jay Kernis, Brent Michael Davids eta Maurice Jarre, kasu.
Adituek diotenez, abesbatzaren emanaldiek arte koralaren mugak hausten dituzte; izan ere, Mikrokosmosek grina handiz lantzen ditu diziplinarteko ildo berriak: hor doaz, adibide gisa, Antonella Bussanich artista bisualarekin egindako bideo-lana, Livre de Sable (2003) eta Black, Blanc, Beur konpainiarekin egindako hip-hop dantza, Le Jardin Perdu (2008) ikuskizunean.
Mikrokosmos ganbera-koruak sari ugari lortu ditu nazioarte-mailan, bai Frantzian, bai atzerrian, Tolosako Abesbatza Lehiaketako saria barne. Izan ere, askotan hartu dute Tolosako lehiaketan parte, eta arrakasta handiz betiere.