Nerea Elustondok finalerdietara sailkatzeko aukera handiak ditu
Larunbatean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako lehen kanporaketa jokatu zuten Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Agin Laburu astigarragarra nagusitu zen eta Nerea Elustondo legazpiarra hirugarren sailkatu zen, Beñat Iguaranen atzetik. 480 bertsozale elkartu ziren harmailetan.
Finalerdietara final laurdenetako saioak irabazten dituzten bertsolariak eta puntu gehien batzen dituzten beste hamahiru pasako dira. Elustondok finalerdietara sailkatzeko aukera handiak ditu.
Amaia Iturriotz urretxuarra, berriz, ia aukerarik gabe gelditu da. Final laurdenetako bigarren saioan parte hartu zuen, larunbatean Errenterian, eta seigarren sailkatu zen. Errenteriako saioan Beñat Gaztelumendi añorgatarra nagusitu zen.
Asteburu honetan final laurdenetako hirugarren eta laugarren saioak jokatuko dituzte. Laugarrena Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian izango da: igandean, 17:30ean. Saio horretan final laurdenetako hirugarren eta azken goierritarrak abestuko du, Iñaki Apalategi beasaindarrak.