Biztanleen %23,8 da Zumarragan 65 urtetik gorakoa
Gipuzkoako Lurralde Behategiak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Olaberria, Zumarraga, Gaintza, Legazpi eta Zerain daude lurraldeko zahartze tasa altuena duten hamar udalerrien artean. Zahartze tasak 65 urte eta gehiagokoen biztanleria osoaren arteko proportzioa neurtzen du, eta Olaberriak eman du Gipuzkoako altuena, %28,9rekin. Zumarragak du hirugarrena, Eibarren atzetik, %23,8rekin. Gaintzak %23,3ko tasa du, Legazpik %23,2koa eta Zerainek %22,8koa. Lurraldeko laugarren, bosgarren eta seigarren tasa altuenak dira, hurrenez-hurren. Goierriko tasarik txikiena Altzagakoa da, %15,8koa hain zuzen ere. Gipuzkoako bataz bestekoa %20,6koa da.
Txostenean jasotzen denez, zahartze fenomeno honek “generoa” du, emakumezkoen artean tasak altuagoak direlako orohar. Goierriko bost udalerri horien artean berriz, Gaintzak eta Zerainek ez dute joera hori betetzen, 65 urtetik gorako emakume gutxiago dagoelako gizonezkoak baino.
Txostenak, halaber, 10 urte barruko argazkia egiten du, eta Gipuzkoan 2025ean zahartze tasa %25,6koa izango dela aurreikusten du. Kasu honetan ere, Goierriko hainbat udalerri agertzen dira tasarik altuena izango dutenen artean: Zerain, hirugarren tokian, % 29,8arekin; Legazpi, bosgarrenean, %28,8arekin; Olaberria bederatzigarrenean %27,4arekin; Zumarraga hamaikagarrenean, %27,1ekin; eta Gaintza hamazazpigarrenean, %26,2arekin. Goierriko herririk “gazteena” Itsasondo litzateke, %18,3ko zahartze tasarekin.