Moreno, Santamaria eta Dubreuil, gaurko agerraldian.
Ordiziako Udalak herritarren parte-hartzea indartzeko asmoa du, eta hainbat neurri eta proposamen iragarri dituzte horretarako. Batetik, udaleko aholku batzordeak indartu nahi dituzte, eta lan mahai berriak ere sortuko dituzte. Bestetik, auzoetako bizilagunekin bilerak egiten hasiko dira, eta udal aurrekontuak ere modu parte-hartzailean egin nahi dituztela azaldu dute.
Jose Miguel Santamaria alkateak eta Iñaki Dubreuil eta Angelica Moreno zinegotziek eman dute proposamen horien berri. Alkatearen arabera, dagoeneko zazpi aholku batzorde martxan ditu udalak, eta “berehala” abiaraziko dute sustapena eta garapena lantzeko batzorde berria ere. Izan ere, “atal honi aparteko garrantzia” eman nahi dio udal gobernuak. Udalez kanpoko lan mahaiei dagokionean berriz, merkataritza, ostalaritza eta azoken inguruko mahaiak lanean ari dira jada; horiekin batera, Segurtasuna eta Bizikidetza landuko duena sortu nahi dute.
Auzoetako bilerak
Alkatearen hitzetan, hauek ez dira izango “partaidetza prozesuak sendotzeko zutabe bakarrak”, izan ere, auzoz auzoko bilerei ekingo diete laster. Bileren egutegi bat prestatuko dute horretarako, eta herritarrei “inguruko beharrak ezagutzeko eta lehentasuna duten ekimenak erabakitzeko” deialdia egingo zaie. Horrekin batera, udal aurrekontuak osatzeko prozesua ere partehartzailea izatea nahi dute. Horrela, herritarrei edo herriko eragileei “udal kudeaketarekin lotuta dagoen guztian aktiboki eta era egonkorrean parte hartzeko erabaki ahalmena” eman nahi diete.