Hainbat udalek ekarpenik ez egitea erabaki dute, besteak beste, Zumarragak eta Beasainek
![Sasietako bilera](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/10/IMG_0081.jpg)
Sasietako bilera
Atzo ilutzean Sasieta Mankomunitatearen Batzorde Errektorearen ohiko bilera egin zen. Puntuetako bat, 2015eko abenduaren 31rako aurreikusten den aurrekontu emaitza negatiboari eta Altxortegiko Gerakin negatiboari aurre egiteko Sasieta Mankomunitatea osatzen duten udalerrien aparteko ekarpena aztertzea zen. Besteak beste, Zumarragak eta Beasainek aparteko ekarpenik ez egitea erabaki dute oraingoz. Urretxuk arazo ekonomikoak ditu ekarpena egiteko.
Zumarraga, Mikel Serrano: ” Oraingoz Zumarragak ez du diru ekarpenik egingo, orain arte egoera honetara ekarri gaituenaren partetik izandako jarreragatik. Ez da posible orain arteko lau urte hauetan egin izan den kudeaketa horren ondorioa 1.665.000 euroko zuloa izatea eta legealdi berri horretan, batez ere udalerri handienok garenok zulo hori tapatzeko Zumarragari 97.000 euroko ekarpena eskatzea. Oraingoz ez nago kondiziotan esateko Zumarragak diru hori jarriko duela mahai gainean. Beste behin esango det, jasan izan dugun jarreragatik. Ikusten ari ginen hau gertatu behar zela azkeneko aurrekontuetan. Ez zen kontenplatu eta ez zitzaion aurre hartu, erantzukizun horretan ibili zirenek erabaki batzuk hartu zituzten eta erabaki horien inguruan, nik gaur, urriak 26, esaten dut, Zumarragak ez duela dirurik jarriko. Lan batzuk badaude egiteko oraindik, ate batzuk jotzeko daude, Diputaziora ere joango beharko da. Ekarpena egin eta hemen ezer ere gertatuko ez den bezala gelditzea ez nago ados”.
Beasain, Edorta Diez: “Beasainek ez du ekarpenik egingo. Pentsatzen dugu, urte batean 1.,665.000 euroko zuloan jartzea eta bi bileretan dena soluzionatzea eta hemen ez da ezer pasatu… Beasainek ez du jarriko”.
Mankomunitatean 1.665.000 euroko desfasea sortu da. Milioi bat euro Altxortegitik ordaintzea aurreikusi da eta gainerako 665.000 euro udalek proportzionalki onartzea.
Herririk handienek, ekarpenik handiena egingo duten herriek ekarpenik ez egitea erabaki dutenez, beste aukera batzuk aztertzekotan gelditu dira Sasietako arduradunak. Azaroaren 11rako, 18:30erako egin dute deialdia.
Biharko Hitzan informazio osoa irakurgai izango da.