Urdanetaren itzulera bidaia
Duela 450 urte, Andres Urdaneta itsasgizonak nabigazioaren historian aitzindari izan zen bide berri bat osatu zuen, Filipinetatik Mexikora.
Andres Urdaneta itsasgizonak duela 450 ...
Duela 450 urte, Andres Urdaneta itsasgizonak nabigazioaren historian aitzindari izan zen bide berri bat osatu zuen, Filipinetatik Mexikora.
Andres Urdaneta itsasgizonak duela 450 urte, 1565ean, ekin zion bere bizitzako bidaiarik garrantzitsuenari. Esperientzia handiko bidaiaria zen ordurako, eta Filipinetatik Mexikora joateko bide berri bat bilatu zuen, Ozeano Barea inork baino iparralderagotik zeharkatuz. Gerora aro modernoko itsas bide garrantzitsuenetako bat bihurtu zena deskubritu zuen horrela. Itsasgizona ez ezik, fraidea, diplomatikoa eta itsasoaren eta hainbat fenomeno meteorologikoren ikertzailea ere izan zen.
Juan Otxoa Urdaneta eta Gracia Zerain –hori zen bere izen osoa– Goierriko burges familia batean jaio zen, 1507an. Aita Ordiziako alkate izendatu zen 1511. urtean, eta amaren familiak burdinolen sektorearekin zerikusia zuen, historialariek jasotzen dutenez. Bere heziketaren inguruko datu zehatzik ez badago ere, Jose Ramon de Miguelek haren biografian jasotzen duenez, «emaitzak ikusita, ona behar zuen, batez ere zientzia zehatzetan». Euskara eta gaztelera menperatzen zituen, eta gerora, Malaisiera ere ikasi zuen, Filipinetan bizi izandako urteetan.
Goiz ekin zion itsasgizon ibilbideari. Apenas 17 urte zituela, Loaysa espedizioan parte hartu zuen, eta Juan Sebastian Elkanorekin batera joan zen getariarrak gidatzen zuen Sancti Spiritus ontzian. Filipinetako interes ekonomikoak zirela eta, gatazkan zeuden Gaztelako eta Portugalgo erreinuak, eta Carlos V.ak antolatu zuen espedizio hura, portugaldarrei aurrea hartu nahian.
Zazpi ontziz osatutako espedizio hura 1525eko uztailean abiatu zen A Coruñatik (Galizia). Magallaesko itsasartean arazo ugari izan zituzten ordea, eta zazpi ontzietatik sei galdu zituzten. Gainera, bidean buruzagirik gehienak hil egin ziren, gaixotasunak jota. Mindanaora ontzi bakarra iritsi zen, 1526ko urriaren 6an. Bertan zihoan Urdaneta. Itsas bidaia gogor haren ondoren, bederatzi urte egin zituen Filipinetako Moluka irletan bizitzen. Jose Ramon de Miguelek egindako biografian jasotzen duenez, Urdanetak urte horietan eskuratu zituen «1565eko itzulerako bidaiarako erabakigarriak izango ziren bertako nabigazioaren eta klimaren inguruko ezagupideak».
Bederatzi urtez bertan bizitzen egon eta gero, 1535ean irla haiek utzi eta Portugalerantz abiatu zen. Baina Lisboara iritsi orduko, portugaldarrek konfiskatu egin zizkioten gainean zeramatzan mapa eta agiri guztiak. Urdanetak ordea, ondo gogoan zituen bere bidaien inguruko xehetasun guztiak, eta buruz egindako kontakizun batean jaso zituen, 1937an.
Pedro Alvaradok eskatuta, beste espedizio batean abiatu zen itsasgizona, baina Mexikora iristean, eten egin behar izan zuen bidaia, Espainiako agintarien arteko gatazken ondorioz. Mexikon gelditu eta agustindarren ordenean sartu zen, baina itsasoarekiko lotura erabat eten gabe.
Atzera Filipinetara
Tordesillaseko Itunaren arabera, Filipinar uharteak Portugalen esku gelditu baziren ere, interes ekonomikoek bultzatuta, Felipe II.ak beste espedizio bat antolatzeko eskatu zuen. Bazekiten haien esku egonagatik, Filipinetan ez zegoela portugaldarrik, eta Txinarekin merkataritza-zubi bat finkatzeko puntu estrategikoa zen. Horretarako, ordea, Pazifikotik Espainia Berrira iristeko itzulerako bide bat behar zuten, eta Urdaneta zen horretarako pertsona egokia.
1564ko azaroaren 21ean abiatu zen espedizioa, Miguel Lopez de Legazpi buru zutela. Pazifikoa zeharkatzeko hiru bide proposatu zituen Urdanetak, eta joaneko bidaiarako, biderik ekuatorialena aukeratu zuten. Lehendik ere ezaguna zen bide hori, beste hainbat itsasgizonek aurretik erabili zutelako. Otsailaren 13an iritsi ziren Filipinetara. Hainbat toki esploratu ondoren, Cebú irlan gelditzea erabaki zuten. Espedizioko kideek irlen birkonkista hasten zuten bitartean, Urdanetak itzulerako bidaia prestatzeari ekin zion.
Itzulerako bidea
Filipinetatik Mexikora itzultzeko egindako bidea, bidaia soila baino gehiago, nabigazioaren historiako gertaera garrantzitsuenetako bat izan zen, ordura arte egindako itsas bidaiarik luzeena izan baitzen; 7.644 milia egin zituzten ordura arte ezezaguna zen bide batetik.
1565eko ekainaren 1ean atera zen San Pedro ontzia Cebú irlatik. Urdanetak 57 urte zituen orduan, eta esperientzia handiko gizona zen, baina barkua gidatzen, 17 urte eskas zituen Felipe Salcedo, Miguel Lopez Legazpiren iloba zihoan. Pazifikoa zeharka gurutzatzeko ezinbestekoa zen latitudea ez ezik, longitudea ere menderatzea, eta beste behin ere, Urdanetaren kalkuluek emaitza onak eman zituzten. Latitude eta longitude ezberdinetan biratuz eta pazifikoko korronteak aprobetxatuz, aparteko arazorik gabeko bidaia egin zuten.
Irailaren 18an Kaliforniako Santa Rosa uhartea begiz jo zuten, eta 20 egun geroago iritsi ziren helmuga zuten Acapulcoko portura. Bide hori mundu modernoaren itsas bide nagusienetako bat bihurtu zen geroztik. Espainiara itzuli eta Gaztelako Felipe II.ari bidaiaren berri eman eta gero, Mexikora itzuli eta San Agustin komentuan sartu zen, fraide moduan. Bertan hil zen, 1568ko ekainaren 3an, 59 urte zituela.