Zeraingo lehen emakumezko alkatea da Ruiz de Larrinaga (Donostia, 1965). Agintaldiko lehen hilabeteetako zurrunbilotik aterata, aurrera begirako asmoei buruz aritu da.
Ari al zara ohitzen kargura?
Hasieran kosta egin zitzaidan onartzea, ez baitzegoen pentsatuta ni zerrendaburu izatea. Hilabete batzuk pasatu dira jada, eta naturaltasun gehiagorekin hartzen dut orain. Talde batean ari gara lanean, eta udala herrigintza egiteko beste toki bat da.
Aurreko agintaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza zuzendaria izan zinen. Eskarmentu hori baliagarria izango zaizula pentsatzen dut.
Erakunde publiko batean izan dudan lehen esperientzia izan da Diputaziokoa. Nire ibilbidea izan da eraldaketa sozialean lan egitea, batez ere fundazioetan eta elkarteetan. Aldundira iritsi nintzenean herriari beste toki batetik begiratzeko aukera izan nuen. Erakundeak oso konplexuak direla konturatu naiz, baina aldi berean ikusi dut eraldatze sozial horren alde eragin dezakezula erakundeetatik. Baina bai, Diputazioan bizitakoa oso baliagarria izango zait, funtzionamenduari begira batez ere.
Ezohiko egoera bat bizi izan du Zerainek aurtengo hauteskundeetan, batik bat Herri Kandidaturak hautagaitza bertan behera uztea erabaki ondoren. Baretu al da giroa?
Zerainen 260 lagun inguru bizi gara, eta hauteskundetako kontu horrek egundoko dimentsio mediatikoa hartu zuen; hori ez zen errealitatearen isla. Hauteskunde garaian zegoen kontestu politikoa EH Bilduren aurka egiteko ere erabili zen, eta nik uste dut medioek aukera hori aprobetxatu zutela.
Beraz, neurri batean, hedabideek errealitatea itxuraldatu zutela esan nahi duzu?
Mediatikoki izan zuen oihartzuna ez zen oso atsegina izan, eta ez zuen gehiegi lagundu barruko egoera. Gainera, herritar gehienok pentsatzen genuen bertan konpondu beharreko gai bat zela. Eta hauteskundeak pasatuta, gauzak bere tokira joan dira poliki-poliki. Dena den, dena ez dago erabat normalizatuta, baina apaldu da kontua. Gu udalean egonda dena hankaz gora jarriko genuela zabaldu zen, baina denetik egon da: festak egon dira, azoka ekologikoa, kultur astea… Normaltasunez ari gara.
Udalean zegozkizuen zazpi zinegotzietatik lau bakarrik hartu zenituzten, beste hirurak Herri Kandidaturari eskainiz. Hitz egiteko zubiak irekita zeudela esan zenuen ekainean, beste elkarrizketa batean.
Eskaintza hori egin genuen, egin ditugun bileretan hitz egin dugu horretaz, eta gure ustez eskuzabalak izan gara. Beraiek erabaki zuten ez aurkeztea, horrek suposatzen duenarekin. Etorkizunean herri kandidatura bakarra eduki nahi badugu, elkarlanean aritzea eta udal gobernuan egotea eskaini genien. Orain arte jaso dugun erantzuna ezezkoa izan da, ez dutela onartuko.
Eta nola antolatu duzue udala? Kargu banaketa, lan-taldeak…
Lehenengo hiru hilabeteetan hiru lan ildo jorratzea erabaki genuen:lehena, kudeaketa; bigarrena, zubi lana egitea; eta hirugarrena, ekainetik urrira izan ditugun ekintzak antolatzea. Orain hasiko gara antolaketarekin. Azaroan herri batzar bat egin nahi dugu, eta bertan planteatu nola funtzionatu nahi dugun. Baditugu ideiak, baina ez dugu ezer erabaki. Garbi dugu batzordeekin funtzionatuko dugula, baina ez dakigu zenbat izango diren, zer maiztasun izango duten… Eta batzordeen izaeraz ere aritu beharko dugu, erabakiak hartzeko gaitasuna izan behar duten ala ez, horri buruz ere hitz egin beharko dugu. Herri batzarrak ere egin beharko dira; herri programan jarri genuen urtean gutxienez lau egin beharko direla.
Kultur astean beste herri batzuetako kandidaturen berri izateko hitzaldi sorta bat antolatu duzue. Emankorrak izan al dira?
Saiakera bat izan da, eta hitzaldi ziklo horretan parte hartzea handia izan da. Gu kontziente gara zerbait pasatu dela, udala aldatu dela, eta hori, gure ustez, normaltasunez onartu behar da. Orain dela lau urte ere egon zen horrelako arazo bat. Orduan batzuk hartu zuten ardura, beste batzuk kanpoan geratu ziren, eta gaiari ez zitzaion behar bezala heldu. Ez dugu nahi 2019ko hauteskudeetara aurtengo egoera berarekin iristea.
ZerainLab egitasmoa ere aurkeztu dute orain aste batzuk. Zer iritzi duzu horren inguruan?
Herri kandidaturaren egitasmo bat izan da. Saio bat egon da, eta hori ere elkarrizketarako espazio bat da. Horrelako beste egitasmo batzuk etortzen badira, guretzako ondo. Elkarrekin hitz egiteko eta gauzak konpontzeko espazio bat baldin badago, ondo.
Gainontzean, zein dira esku artean dituzuen proiektu nabarmenenak?
Lehentasuna da herrian harremanak lantzea, eta herriko dinamika piztea. Auzoei ere garrantzia eman nahi diegu, Aizpea eta Barbari herri kaskotik aparte baitaude. Bestela, turismo proiektu egonkorra daukagu, eta bere garrantzia eman behar zaio, baina eguneroko bizitzan eragina duten beste alor batzuk ez dira hainbeste zaindu. Eta guk hori guztia landu nahi genuke.
Adibideren bat jar dezakezu?
Etxebizitza politika da bat. Arau subsidiarioak landuta daude, eta identifikatuta daude zer lur dauden etxeak egiteko. Egin dira etxeak, baina ez gazteen neurrira egokitutakoak, eta hori da dugun erronketako bat, azken 15 urteetan herriko 15-20 bat gazte inguruko herrietara joan baitira bizitzera. Joan ez balira, 300dik gora lagun izango ginateke orain Zerainen, hazi egingo zen herria.
Bilerak ere egin dituzue herriko elkarte eta eragileekin. Zer kezka jaso dituzue?
Bada, besteak beste, adineko jendearekin ere arazoak izango ditugula etorkizunean, eta gure nagusiak herrian geratzeko modua ere landu beharko dugula. Beharrak identifikatuta daude, eta orain gaiari heltzen asmatu behar dugu, sormena erabilita. Polita litzateke soluzioan belaunaldiak nahastea.