Azaroaren 7an egingo dute; 14:30ean jarri dute hitzordua.
Laura Estevek duela 18 urte egin zuen margolana.
Itsason hiru auzolan egun egiten dituzte urtero, udaberrian, udan eta udazkenean. Oraingoan, udazkenekoa, azaroaren 7an, egingo dute, Kizkitzako ermitan eta bere inguruan. 14:30ean egin dute hitzordua, Itsason bertan. Itsasoko Parrokiko Batzordeak eta ItsasoBherria Elkarteak elkarrekin egin dute deia.
Duela 18 urte auzolanean lan handia egin zuten itsasoarrek Kizkitzan: mahaiak jarri zituzten aurreko plazan, erretegia eraiki, ermita barrutik zuritu zuten eta Laura Esteve margolaria joan zen bere margolana berritzera.
18 urte hauetan erretegiak erabilera handia izan du eta herdoilak jota eta zati batzuk konpondu eta aldatu beharrean daude. Pagadian ere haizeteak botatako pago handi bat dago kendu beharrean. Teilatu zatiren ere bat garbitzeko premian dago. Horiek guztiak egiten saiatuko dira itsasoarrak auzolanean.
Berrikuntza
Ekintza berezi bat ere izango du hurrengo auzolanak: Nazario Maiz lasalletarrak Done Jakue bidean berak egindako harrizko maskorrak jartzen ditu, lekurik esanguratsuenetan. Kizkitzan jarri nahi du maskor horietako bat eta azaroaren 7a aprobetxatuko dute materiala igo eta laguntzeko.
Itzuleran, iluntzean, gaztaina jana eta askaria egingo dute auzolanean parte hartu dutenek.