Beasain Institutuaren enkarguz, Jesus Lopez Zuluetak, Pilar Mujikak eta Pako Aranak elkarlanean egin dute Martxa Berdearen lekukoa. Mimo eta ilusio handiz egindako lana da.
Jesus Lope Zulueta, Pilar Mujika eta Josu Agirre. Pako Arana falta da argazkian.
Pasa den larunbatean, minbiziaren aurkako Martxa Berdea egin zen Beasainen, Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatuta. Ehunka lagunek hartu zuten bertan etaberdez jantzi zuten Beasain, puxika eta kamiseta berdeen laguntzarekin. Beasaingo bi lekutatik, Igartzatik eta Ezkiagatik, bi zutabe abiatu ziren, lekukoaren zati bana eskuan zutela. Alde batetik, oihala, eta bestetik, heldulekua.
Plazan, bi zutabeak eta lekukoaren bi zatiak batu, eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak Olatz Peon Tolosako alkateari pasa zion lekukoa, datorren urtean bertan antolatuko baitute Martxa Berdea.
Lekukoa elkarlanean
Lekukoaren atzean, elkarlanaren eta borondatezko lanaren fruitua dago. Beasain Institutuaren enkarguz, Jesus Lopez Zulueta pintoreak, Pilar Mujika jostunak eta Pako Aranak, elkarlanean egindako lana da. Lopez Zuluetak egin zuen lekukoaren diseinua. Berdea da kolore nagusia, tono desberdinetako bi berde. «Esperantzaren kolorea», dio Lopez Zuluetak. Fieltrozko oihala erabili du. Martxa Berdea izena, euskal letraz eta letra larriz egin ditu.
Hamar xingola koloretsu Lekukoaren behe aldean, hamar xingola ageri dira; kolore desberdinetakoak guztiak, «minbizia mota desberdinak irudikatu nahi izan ditut». Xingolen ondoan, alde banatan, zati berdeak ageri dira goitik behera jarrita.
Errota harriak islatu nahi izan ditu: «Bertatik haziak erortzen ari diren bezala irudikatu nahi izan dut, gaixotasun horri aurre egiteko beharrezko aurrerapenaren haziak erneko baitira bidean».
Joste lana
Lopez Zuluetak pieza guztiak moztu eta Pilar Mujika jostunak josi du guztia. Fieltro oihalak nahikoa lan eman diola aitortu du, «beroarekin deformatu egiten da eta». Puntada bakoitza mimo eta arreta handiz josi behar izan du. Oraindik gainera, ez du lana bukatu: atzeko aldean, orain arteko Martxa Berdeen zerrenda jarri behar baitu. Iaz Zumarragan egin zen lehenengo aldiz eta bigarrena aurten Beasainen.
Hagin egurra
Oihalaren euskarria, hagin zuhaitzaren egurra da. Pako Arana arduratu da egur zatiaz. Hagin egurra aukeratu izanak ere badu bere esanahia: minbizia gaitza sendatzeko botiken ikerketan hagina erabiltzen ari dira. Hemendik aurrera herriz herri ibiliko da Beasaingo lekukoa.