Hutsik dauden lokalak bete eta ekintzaile berriei alokairua ordaintzen lagunduko die udalak, Ordizia Zabalik programaren bidez
Ekintzaile eta negozio berriak laguntzeko Ordizian Zabalik programa martxan jarri du berriro Ordiziako Udalak. Hutsik dauden lokal komertzialak bete eta merkataritza txikian «belaunaldien erreleboari erantzuna» eman nahi dio egitasmo horrek. Guztira, 28.800 euroko aurrekontua izango dute aurtengo laguntzetarako. Ordiziako Merkataritza Indaberritzeko Plan Bereziaren barruan sortu zuten Ordizia Zabalik egitasmoa. Deialdi hau egiten den bigarren aldia da; aurrekoari esker, bederatzi negozio daude martxan.
Programa honen bidez, ekintzaile berriek lokalaren alokairua ordaintzeko laguntza jasoko dute. Hiru urtez jasoko dute udalaren laguntza; lehen urtean %75ekoa (gehienez 300 euro); bigarren urtean %50ekoa eta hirugarrenean %25ekoa. Lokal horietan, txikizkako merkataritza, elikagaien sektorea edota pertsonei zuzendutako zerbitzu enpresak jarri ahal izango dira.
Izena emateko epea
Ordizia Zabalik egitasmoan parte hartu nahi duten ekintzaileek dagoeneko egin ditzakete eskaerak. Horretarako, udal arreta bulegora edo merkataritza bulegora jo eta eskaera inprimakia bete behar da. Dokumentu hori www.ordizia.eus webgunean ere eskura daiteke. Baldintzei dagokionean, negozio bideragarri baten proiektua izatea edota jardueraren memoria proiektua aurkeztea daude, besteak beste.
Eusliderrak doako ikastaroa egingo dute merkatariekin
Ordiziako Udaleko euskara zerbitzuak Eusliderrak doako euskara ikastaroa antolatu du merkatarientzat. Egitasmoaren helburua «euskaraz hitz egiteko lotsak, beldurrak edo aurreiritziak gainditzea» dela azaldu dute euskara zerbitzutik. Hiru saio izango ditu eta bertan, «zenbait informazio, tresna eta eredu» eskainiko zaizkie parte-hartzaileei. Horrez gain, hizkuntzarekiko jarrerak, hizkuntza lidergoa eta talde lana, eta portaera berriak landu nahi dituzte. Aurreneko saioa datorren astelehenean, azaroak 2, egingo dute, 13:30ean, Barrena jauregian.