Ataungo oroimen historikoaren zikloa gaur hasiko da, Aizpuruaren hitzaldiarekin
Ataungo kultur elkarteek eta udalak urtero antolatu ohi duten Iragana gogora ekartzen egitaraua gaur da abiatzekoa. Abenduaren 27ra bitartean, hiru hitzaldi, film emanaldi bat, Ruper Ordorikaren musika kontzertua eta ohiko ekitaldi-omenaldia aurreikusi dituzte.
Jexux Aizpurua ataundarra arduratuko da irekitzaile funtzioarekin, gaur bertan. Karlismotik abertzaletasunerako bidea Ataunen hitzaldia egingo du, udaletxeko batzar aretoan, 19:00etan hasita.
XIX. mendeko karlismo garaitik 1936ko gerra bitartean herrian izan ziren ideologien garapena jorratuko du Aizpuruak. «Guztia, ordea, Ataungo herriari zuzenean lotutakoarekin agertuz», aurreratu du. Karlismoak Ataunen zer eragin eta indar izan zuen, euskal abertzaletasuna nola agertu zen edo ezkerreko ideologiarik ba al zen galdetu eta erantzungo du.
Ruper Ordorika abenduan
Hurrengo bi ekitaldiak hitzaldiak dira: Jon Abril beratarraren Neskato. Emakumeen ekarpena gerraondoan, familia-ekonomian azaroaren 3an; eta Inazio Munduate ataundarraren Ataun 400 urte, desanexioa 26an.
Josu Martinezek Gure sorlekuaren bila dokumentala ekarriko du, abenduaren 13an. Hazparnen (Lapurdi) 1956an aurkeztu zuten, euskaraz egindakoa.
Ruper Ordorika kantari oñatiarrak, berriz, abenduaren 26an Gerrako hotsak kontzertua egingo du. Herri Antzokian izango da, gauean.