Garraio publikoa eta zaborra hizpide Legazpiko osoko bilkuran
Legazpiko osoko bilkuran garraio publikoari buruzko araudia eta kaleratzeen aurkako mozioa onartu dituzte. Galdera eta eskarien atalean, berriz, zaborrari buruz eztabaidatu dute.
Garraio publikoari buruzko araudia Aldundiak prestatu du eta alderdi guztiek aho batez onartu dute. Helburua herritar guztiek garraio publikoa erabili ahal izatea da. Laguntzaile bat behar dutenek ez dute laguntzailearen txartela ordaindu behar izango Junetorri autobusean. Bestalde, 8 urtetik azpikoek bakarrik sartu ahal izango dituzte bizikletak eta patineteak. Txakurrak eta katuak, jabeen besoetan edo horretarako prestatutako kaioletan joan beharko dira.
Galderen eta eskarien tartean, Irabazi alderdiko Alberto Bezunarteak edukiontzi grisari buruzko galdera bat egin zuen: ea zergatik jaso behar den astean hiru aldiz, teknikariek astean behin jasotzea aholkatu badute. Koldobike Olabide alkateak edukiontzi grisak datorren astean jarriko dituztela, zaborra egunero bota ahal izango dela (18:00etatik 00:00etara) eta astean hiru aldiz jasoko dutela esan zuen. Erabaki horiek herritarrek edukiontzi hori ahalik eta hobekien probatzeko hartu dituztela esan zuen.
EH Bilduko Kepa Urtzelaik duela hilabete bat edukiontzia astean hirutan bakarrik irekiko zela esan zela gogoratu zuen. “Edukiontzi berria grisez margotutako edukiontzi berde bat izango da”, esan zuen. Beraien ustez, edukiontzi honek birziklatze tasaren jaitsiera ekarriko du. Bezunartea iritzi berekoa da. “Zabortegietara zabor gehiago joango da eta gehiago ordaindu beharko dugu. Zuen asmoa errauskailuari jaten ematea da”.
Alkateak legazpiarren borondate onean sinisten dutela erantzun zion. “Denok gaude zaborra banantzearen alde, baina hori etxean egin beharrekoa da eta ez da bilketa sistemaren araberakoa. Gure erantzukizuna herritarrei erraztasunak ematea da”.