Hilerriak lorez, hildakoen oroimenez
Feria jendetsua izan da urriko azkena, asko lore bila edota enkargatzera etorriak propio. Hamar buruko onddo batek ere arreta piztu du.
Santu Guztien aurreko feriaren marka zuen atzokoak urtero legez. Esku bete lan lorezalek, saltzen ez ezik datozen egunetan banatuko dituzten enkarguak jasotzen ere bai. Aparteko lan orduak sartu beharrean izaten dira bai prestatzen eta baita saltzen ere, propio plazatan edota hilerri sarreretan. Azken urteetako ohitura bilakaeraz galdetuta zera jaso dugu: «Krisantemo salmenta asko jaitsi da. Horixe da garai honetan naturalki loratzen dena eta hortik hartu izan du kanposantu lore fama, eta jendeak gaur egun azken urtetan sartu den ziklamena esate baterako nahiago du», zioen Iñaki Azanzak. «Orain lore naturalera gehiago jotzen du jendeak, lore moztuekin egindako zentroetara baino, iraupen luzeagoa baitute», azaldu du bestalde Maria Dolores Mendizabalek. Kontuak kontu, jendeak hilerriak dotoretzeko usadioari eusten dio eta oso aukera handia dago. Zentroak 25 euro eta 100 euro bitarte. Lore moztuen sortak: 16 euro krabelin dozena; 3 euro gladiolo edota 4 euro lilium bakoitza… Orain arte zeuden lore naturalak prezio berean mantendu dituzte: pentsamendu eta biola 1-1,10 euro bakoitza; azalea 7,5-8 euro, txilarra 6, pitimini larrosa 8,5, ziklamena 3,5-6,5 euro artean eta beste zenbait neguko lore edota zuhaizka aukeran. Errigora ekimenaren hotsak herriz herri dabiltzen honetan, Erriberatik zuzenean ekarritako udazken-neguko barazki freskoak azaldu dira plazan. Orburuak 5,50-6,50 euroan dozena, kardua 3,90ean edota borraja 1,55 euroan. Plaza inguruan jarri ohi diren fruta saltzaileen postuetan zeuden salgai. Mielatoa, ezti berri berezia Jon Etxeberria ataundarraren postuan ikusi dugu Mielatoa. Atzo ekartzen hasi zen ezti berezia. «Artearen izerdiarekin egindakoa da, nektarrik gabekoa. Ezkur zulatua belztu eta izerdiak gainezka egiten dio, horrera jotzen dute erleek mielato hau egiteko». Ezagutzen duenak estimazio handia diola aipatzen zuen Etxeberriak eta propio eske zuen bezerorik ere ba omen du. Hamar buru sustrai beretik Apartekoa da Mikel Lasaren postuan ikusi genuen onddoa. Ikusgarria, deigarria eta askok egiten zuten galderaren erantzuna: ez zen Euskal Herrian bildutakoa, aldiz aurkitu zuenaren pozgarri bai ziur.