Beasaingo Paperak bildumako 23. liburukiak 1715etik gaur egunera arteko Beasaingo hezkuntza laburbiltzen du .10 euroan eros daiteke euskara hutsean edo elebitan.
Josetxo Zufiaurre beasaindarrak ‘Irakaskuntza Beasainen’ liburua argitaratu du.
Josetxo Zufiaurre beasaindarrak Irakaskuntza Beasainen liburua kaleratu berria du. Beasaingo Paperak bildumako 23. liburukia da; Zufiaurrek egindako zazpigarrena. Beasaingo Ikastolaren historia biltzeko asmotan hasi bazen ere, azkenean, Beasaingo irakaskuntza gaia orokorrean landu du Zufiaurrek. Liburua euskara hutsean edo elebitan eskura daiteke 10 euroan, Jon egunkari saltzailearen dendan edo Mirentxu liburu dendan.
1715. urtean aurkitu du Beasaingo lehenengo eskolaren arrastoa: «1715ean dokumentu bat azaltzen da, non Domingo Artieda maisuari kontratu bat egiten dioten, Beasainen, Astigarretan eta Gudugarretan eskola emateko. Beasaingo, Astigarretako eta Gudugutako haurrei maisu batek bakarrik erakutsi behar baldin bazien… batera edo bestera ibili beharko zuen». Dena den, Zufiaurrek zehaztu duenez, garai hartan auzo txikietan, askotan apaizak ematen zuen eskola. «Errepublika iritsi zenean, agintariek ez zuten nahi apaizek eskola ematea. Maisua jartzeko eskatzen zuten baina maisua jartzeko dirurik ez zeukaten».
Mojak 1904an
1904. urtera arte eskola publikoa bakarrik izan zen Beasainen, Frantziako monjek, Pensionnat Notre Dame eskola ireki zuten arte. «1904an Frantzian hasi ziren esaten fraileak eta mojak bidali egin behar zituztela». 1930era arte egon ziren.
Haien ondotik, moja karmelitak iritsi ziren; 1967ra arte egon ziren. Bi eskola izan zituzten karmelitek: San Inazio kalean eta Ezkiaga auzoan. Karmelitek «gauza handi bat» egin zuten Zufiaurreren ustez: «1936ko uztailan frankistak Beasain sartu ondoren, udalari gutun bat idatzi zioten, esanez, abuztuan hartuko lituzketela neskak, beraien eskolaumeak izan ala ez izan». Dohainik eskaini zuten zerbitzua.
Karmeliten ondoren, Martina Maizen eskutik, San Jose mojen eskola ireki zen.
La salletarrak 1909an
1909an, berriz, la salletarrak iritsi ziren Beasaina, J.M. Iturrioz alkate zela. Sangroniz etxean hasi ziren eskolak ematen. «Aurrerapena ekarri zuten irakaskuntzak. 423 orrialdeko Entziklopedi liburuxka erabiltzen zuten. Historia sakratua, gramatika, aritmetika, geometria, Espainiako historia, geografia, fisika,, kimika, zoologia, botanika, mineralogia, nekazaritza, industria, merkataritza, zuzenbidea, garbitasuna, fisiologia eta kortesia gaiak jasotzen zituen».
Ikastolaren sorrera
Ezusteko batekin topo egin zuen Zufiaurrek, udaletxean, paper artean zebilela: 1917an euskal eskola bat omen zen Beasainen, Kale Nagusiko 33. zenbakian. Anastasia Aiestaran izan zen irakaslea. Bigarren ikastola, 1964an sortu zuten. Josetxo Zufiaurre bera guraso sortzaileen artean aritu zen lanean. «Etxean euskaraz egiten genuen dena eta eskolara joan orduko akabo euskara». Guraso batzuk elkartzen hasi eta Lazkaon informazioa jaso ondoren –1963an sortu zen Lazkaon ikastola– 1965 hasieran ikastola sortu zuten, Escuela de la iglesia Nuestra señora de Loinaz izenarekin, elizaren babesean. 1996-97 ikasturtean, hirugarren ikastola, Andramendi, sortu zen, Alkartasuna Lizeoak publifika- tzeko bidea aukeratu zuenean.
Arte eta lanbide eskola
Lanbideak ikasteko hiru eskolei erreferentzia egin die Zufiaurrek liburuan: Arte eta Lanbide eskolan 1915 eta 1965 artean eman zituzten eskolak; 1924tik 1963ra bitartean, CAFeko eskola industriala ere martxan egon zen; eta 1963an, Goierri Lanbide Eskola ireki zen.