Joxan Etxabe: "Udala herritarrek egiten dute"
Aurreko agintaldian herriko behar nagusiak atzeman eta zehaztu ondoren, proiektuei heltzea izango du Joxan Etxabek (Zaldibia, 1970) gidatu duen udalak egitekoa, bere bigarren agintaldian.
Bigarren agintaldia duzu Zaldibiako alkatetzan. Baina EH Bilduren udal taldea berrituta.
Bai. Denak gazteak dira, eta ni sekula baino zaharragoa sentitzen naiz. Artzain zaharra baina ardi guztiak gazteak [barreak]. Aldaketa egin dugu. Gaztetasuna, lanerako prestasuna eta ilusioa nabaritzen da. Uste dut agintaldi ona joango zaigula.
Udalean martxa hartu duzue?
Batzordeak-eta denak osatuta daude. Funtzionamendua aurreko berdintsua izango da. Trantsizioa luzea izan da; maiatzean hauteskundeak, ekainean kargu hartzeak, oporrak tartean, oraintsu arte festak… Lehen bilerak egiten orain hasi dira. Festa aurretik osatu ziren batzordeak, sei guztira. Horietan sortzen diren gaiak udal taldean hitz egin, eta beharra aztertu ondoren, osoko bilkurara eramango da.
Herri batzarrekin ere segiko duzue. Gaur (urriak 29) da lehenengoa.
Bai. Horren beharrean gaude. Jendeak badauzka herriareriko galderak. Orain arte ezin izan dugu erantzun, batzordeak osatzen ari ginen eran. Aldaketak datoz, eta horien berri emango dugu osteguneko batzarrean.
Zer aldaketa datoz?
Itten prozeduran, aurtengorako helburu batzuk markatu genituen, eta lortzeko aukerarik ez dugu izan. Arrazoiak mila dira. Gai bat, behintzat, plazako frontoia estaltzearena da. Prozesua luze joan da, eta aldundiaren laguntza-epeetan ez gara sartu. Orduan, laguntza ez galtzearren, azken unean beste proiektu bati heldu diogu.
Frontoiaren estaltzearen proiektua aurrera doa?
Aurrera doa. Elizarekin itun bat negoziatzen ari gara, Gotzaindegiarekin eta elizako juntarekin. Motel doa; ez gaude erreta edo desilosionatuta, eta ea azarorako bukatzerik dugun. Frontoia, burutzez gerotan, 2016an burutko litzateke. Hain justu, horren berri emateko da osteguneko [gaurko] batzarra. Baita datorren urteko udal zergak aipatzeko eta lau urteko gure ibilbidea zein izango den ere.
Zer jaso nahi duzue herritarrengandik herri batzarrekin?
Batetik, gertutasuna azaldu nahi dugu. Bestetik, eta aurreko agintaldian ere esan genuen, udal taldea osatutakoan eta udala funtzionatzen hasten denean, herritarra erlaxatu egiten da. Herritarrari eskatu nahi diot batzordeetan parte hartzeko; herritar senti dadila, eta benetan zuzenean parte har dezala. Zeren herriak bultzatu ezean, talde erabakiak oso motzak gelditzen dira. Horregatik, garrantzia eta epe luzea eman diogu batzordeak osatzeari, ondo osatu nahi genituelako.
Nolako erantzuna izan da?
Ona. Batzordeak ondo osatu dira, zortzi-hamar laguneko ekipoekin. Aurreko jendea ere sartu da. Hori oso interesgarria da, haria hartuta daudelako. Jende berria ere bai. Udal funtzioa bezain garrantzitsua dira batzordeak. Udala herritarrek egiten dute, ez udal taldeek. Herritarrak ekarpenik egiten ez badu, udal taldearen funtzioa mugatu egiten da.
Hurrengo lau urteetarako plangintza nondik nora doa?
Itten prozeduran atzeman ziren gaietatik joan behar luke bideak. Ateratakoetatik galbahea pasatu genuen, eta hamar gai geditu zitzaizkigun: haurtzaindegi berria, frontoia estaltzea, zine aretoa konpontzea, udal eraikina berritu eta plaza egituratu, Arauak berritu, udal biltegia…
Eta nola garatuko dituzue?
Eskaeraren arabera. Horiek egiteko, udalak ezin du esan lau urte hauetan egingo dela. Aukera egokitzen baldin bada, eta laguntzen arabera, beti parte-hartze prozesutik pasatuko den erabakia izango da. Lehentasunak horrek markatuko ditu. Udal eraikina berritzea bezala; inbertsio oso handia da. Baina, hala ere, ez du esan nahi berritzen den hamar urteetan herriari kasurik egingo ez zaionik. Iaz, aurtengorako frontoia estaliko zela aurreikusi genuen, baina ez da posible izan. Horren ordez, eta aldundiarekin adostuta, udal langileen lokala berrituko da.
Lan edo proiektu sakonak dira, denboraz pentsatu eta hartu beharrekoak, ezta?
Udal eraikina berritzeko, proiektu zehatza edukitzeak 100.000 euroko kostu bat eduki dezake. Aukeren arabera eta aurrekontua nola doan, agian hurrengo urtean enkarga daiteke. Baina hori herritarrei abisatu egingo zaie, egoera zein den, erabakia hartzeko momentua den, eta hartu behar den ala ez esanez. Itten-eko proiektuak herritarrei jakinarazi gabe ez ditu burutuko udalak. Pausoak aukeren arabera emango dira.
Zaldibiako Udalak zer ahalmen dauka ekonomikoki? Finantzarioki nola dago, inbertsioekin hasteko moduan?
Zorpetze maila zero da, eta horrekin erlaxatuta gaude. Frontoia estaltzeko mailegu txiki bat eskatzea aurreikusten genuen, baina agintaldian bertan itzultzeko modukoa. Printzipioz, dirurik ez daukagu, baina azken lau urteotan zorpetzea hutsera ekarri da. Udala hartu genuenean %3koa zen.
Arau Subsidiarioak berritzeko azken fasean zaudete, udalak onartu eta erakusketan jarrita.
Azaroaren 12ra arte erakusketa publikoan eta alegazio epean dago txostena. Herritarrak ari dira alegazioak sartzen, eta udalak ere atzeman du pare bat alegazio jarri beharra.
Zer aldaketa edo berritasun ekarriko dute, gehien bat?
Saiatu gara hiritar eremuari garrantzia ematen. Daukagun etxebizitza kopuruaren eta beharko genituzkeenak non kokatu. Bi hiri eremu berri planteatu dira: Urtesabelen eta Iturriondo eremuan —Larraitz bidean, Bikarioetxe-eta daudena—. Industriguneari ere garrantzia eman zaio, Bilore hor dagoela ikusita.
Biloreren auzian, argirik bada?
Ez, ez. Gainera, uste dut Europatik etorri beharko duela zerbait, bultzatu edo behartuko duena. Eusko Jaurlaritzak zeresan handia dauka, kutsadura iturri bat hor geldi edukitzea ezin da onartu. Eta berdin zait partikularra, publikoa edo zer den. Behin eta berriz bidaltzen diogu txostena jaurlaritzari, hondamena zenbatekoa den garbi azalduz, urte gutxian zenbat okertu den, zer arrisku dauden… Ez dugu erantzunik jasotzen, eta hor gaude.
Arau berrietan zer tratamendu eman zaio Biloreren orubeari?
Tertziario misto baloratu dugu. Industria jartzeko aukera dago, baina industria garbia bezala kalifikatu dugu, kutsatzaile ahalik eta gutxien egoteko. Bestetik, gune batean etxebizitza kopuru txiki bat egiteko aukera irekiko da. Mendiondo etxaldea —Bilorek diseinatu zuen, bere langileentzat— aparte gelditzen da, eta ingurua urbanizatzeko asmoz.
Orokorrean, nolako Zaldibia nahi duzue etorkizunerako?
Aurretik ondo landuta dago gai hori. Badakigu zer biztanleria nahi dugun: 1.500-2.000, hor ibili nahi dugu. Ez dugu 3.000ko herria izan nahi, hori herriak garbi esan du. Orduan, azpiegiturei eutsi. Bestetik, niretzat garrantzia daukana, udalaren funtzio publikoa mantentzea da. Udalak 22 langile ditu, uste dut ingurumari honetan hainbeste daukan bakarra garela. Aspalditik eman zaio horri garrantzia. Garbitasuna, lorezaintza, mantenua, hileta ehorzketa udalak ematea, azpiegiturak eustea… azpikontratak gutxi erabiliz.