Helduak eta haurrak
Jolasaren bidez, euskara barneratzeko asmoarekin Zabu Zibu programa garatzen ari dira aste hauetan Ordizian. Urtxintxako begiraleak gurasoekin eta haurrekin saioak egiten ari dira, ...
Jolasaren bidez, euskara barneratzeko asmoarekin Zabu Zibu programa garatzen ari dira aste hauetan Ordizian. Urtxintxako begiraleak gurasoekin eta haurrekin saioak egiten ari dira, euskarazko jolasak ikas ditzaten.
Euskaraz eskolan nahiz telebistan aritzearekin soilik nahikoa ez dela-eta, euskara kalera ateratzeko egitasmoa du esku artean Urtxintxak. Etxeari eta jolasari begira, hainbat egitasmo garatu izan dituzte, eta oraingoan familia eta jolasa lotuz Zabu Zibu egitasmoa dute esku artean.
Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu du familiak euskaraz jolastea helburu duen programa; baina ez da lehen aldia. Hasiera batean plazan nahiz parkeetan haurrak jolasean gaztelerara jotzen zutela ikustean arduratu eta hasi ziren gisako egitasmoren baten bila. Behin martxan jarrita, eta aurrez izan diren beste hainbat edizioetan izan den arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute. Oraingoan ere harrera polita izan duela dirudi, gustura gerturatu direlako herritarrak jolasera. Hala dio Aitzol Azpiroz euskara teknikariak: «Lehen saioa oso polita joan zen, ume eta heldu ugari gerturatu ziren».
Urtxintxa Eskolako hezitzaileek dinamizatzen dituzte saioak. Joan zen hilaren 13an eman zioten hasiera, eta lau asteartetan bilduko dira Plaza Nagusian. Guztira, beraz, ordubeteko lau saio izango dira. Hiru eta bost urte bitarteko haurretzat eta beraien familientzat prestatutako egitasmoa da, baina, sei eta zazpi urteko haurrek ere hartzen dute parte bertan.
Zabu-Zibu egitasmoa 2009an jarri zuen martxan Urtxintxa Eskolak Pasaian. Euskaraz bizi nahi duten familiek kalean euskaraz egitea lortu nahi dute jolasaren bidez. Jolasa, ekintza askea izateaz gain, «ezagutzak oharkabean jasotzeko tresna ezin hobea» dela ulertuta; jolasa hizkuntza barneratzeko erreminta dela defendatzen dute.