Jon Luquik (Urretxu, 1968) lehen legealdia du alkate karguan. Urte luzetan EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria izan da eta aurreko legealdian zinegotzia izan zen.
Zergatik erabaki zenuen alkategai aurkeztea?
Ia 15 urtean EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakaria izan naiz eta beste kargu batzuk ere izan ditut. Otsailean-edo alderdiko burua izanda, zaila egiten zitzaidan besteei horrenbeste kostatzen den pauso hori emateko eskatzea, ni neu emateko prest ez banengoen. Gainera, politikari dagokionez, momentu itxaropentsua bizi dugula iruditzen zait. Aro berri baten atarian gaude eta hala alderdiko kideek nola nik neuk ere herrigintzan, bakegintzan zein elkarbizitzan lan egin nahi dugu Urretxun.
Espero al zenuen hauteskundeak irabaztea?
Bazirudien beste herri batzuetan alderdiak irabazteko aukera gehiago zituela. Norbaitek urretxuarren %15ak baino ez ninduela ezagutzen esan zidan eta kanpaina indartsua egin beharko genuela. Kanpaina sotila egin ge- nuen, gure izateko moduarekin bat zetorrena eta hemen gaude.
Zein da zuen programa?
Programa ireki batekin aurkeztu ginen. Batzuk programarik ez dugula diote. Ez da hala. Dekalogo bat aurkeztu genuen: gardentasuna, argitasuna, kudeaketa ona… Programa denon artean egin behar dugu eta hori ez da erronka txikia. Horrek ez du esan nahi aurrekoek egindako guztia aldatu nahi dugunik; nire ustez, herentzia txarra jaso zuten. Gure aldetik ere jasotakoari eutsiko diogu eta nahi duen edonori dagoena azaltzeko prest gaude.
Beste toki batzuetan ez bezala, ez duzu PSE-EErekin ezer zehatzik adostu orain arte.
Guztiei planteamendu bat egingo diegu, oinarri gisa, eta hortik aurrera denon artean Urretxu eraiki behar dugu. Hurrengo pausoak legealdi plana eta kudeaketa plana osatzea izango da. Irudipena daukat herritarrak alderdien arteko desadostasunekin nazkatuta daudela eta guk hori landu nahiko genuke. Urretxuk dituen arazo asko urte askotan akordiorik egon ez delako sortu dira; hori ez diot pertsona edo alderdi bakar bati leporatzen. Arau subsidiarioak berandu eta gaizki onartu ziren, erabaki estrategikoak ez dira hartu… Hori guztia dela eta, Urretxuk ez du aurrera egin. Gertatutakoa argitu behar dugu, baina ezin gara horretan gelditu. Aurrera egin behar dugu.
Zure alderdiko beste alkate batzuek ez bezala, ez duzu aurreko alkateak baino gehiago kobratuko.
Hasieran ez nuen argi nire liberazioaren kontua, baina berehala konturatu nintzen hau oso lan berezia dela: lehen egunean lurrera erori zen emakume bati lagundu behar izan genion, hurrengoan uholdea egon zen, uda guztia udaletxean pasa dugu… Nire lehentasuna ez da soldata, are gutxiago Urretxuko Udalaren egoera ekonomikoa zein den kontuan izanda.
Udalaren egoera ekonomikoa diozuen bezain txarra al da?
Nahiko txarra da. Gauza batzuk oso gaizki egin dira eta horri aurre egin beharko diogu. Ez dugu obra erraldoiak egiterik. Urte amaierarako 80 bat etxebizitza egiteko lizentziak emango ditugu. Azken urteetan ez da etxebizitzarik egin Urretxun. Arau subsidiario txarrak jaso ditugun arren, berriro dena hankaz gora jarri beharrean, ahal dena egiten saiatuko gara. Momentuz, zuzenketa batzuk egin ditugu Urretxuren interesak defendatzeko eta bizpahiru hilabete barru Zuhaiztin eta hilerri ondoan etxeak egiten hasiko dira.
Ikastolaren gaia zertan da?
Hemendik gutxira, Gurutze Santuko (hilerri ondoko) lizentzia ematen denean, ikastolaren berrikuntzari hasiera emango diote.
Zer egin behar duzue Irimo industrialdean?
Hori desastre bat da. Ez dut ulertzen udalak zergatik erosi zuen Sarralde. Irimoren proiektua lantzen ari den talde motorrarekin elkartu behar naiz. Nire helburua, inguru horrek udalarentzat zama bat izateari uztea da. Horretarako, norbaitekin akordio batera iritsi beharko gara. Erakunde publikoek ez dute begi onez ikusiko, baina nire lana zerbait bilatzea da. Hor egin daitekeenaren arabera, erosle bat lortuko dugu edo ez. Gainontzeko alderdiekin hitz egin behar dugu hori finkatzeko. EH Bilduk orain arte kulturaz eta ekonomia endogenoaz hitz egin du, baina ez dut ulertzen hori zer den. Hori dela eta, talde motorraren eskutik zein egitasmo dauden entzun nahiko genuke. Sarralde erabat kutsatuta dago eta horrek zailtasunak sortzen ditu.
Gune industriala izaten jarraitzea nahi duzue.
Bere garaian, 2006ean, egon zen hori guztia erosteko eskaintza bat. Sprik egin zuen. Egia da beste garai bat zela, baina gauza arraroagoak ikusi ditut. Bilduk kulturaz hitz egin du, baina nik gune hori jarduera ekonomikoetarako egokia dela uste dut. Merkatariek ez dute merkataritza-gunerik nahi eta onartzen dut ere, baina eztabaida piztuko nuke herritarren parte hartzea bultzatzeko. Inguru horretan lanpostuak sortu nahi nituzke eta orain arte hor izan dugun gauza bakarra espekulatzaile talde bat da. Urretxun ez ditugu enpresa asko eta nik ez dut lo-hiri bat nahi. Inguru hartan jarduera ekonomikoa bultzatzea eta Sarralden kultura bultzatzea ez dira bateraezinak, baina Sarralden segurtasun baldintzak bete behar dira. Nire ustez, orain arte hango ingurumen baldintzak zeintzuk diren ez da kontuan hartu.
EH Bildu aurrean izango duzue.
Hiri-planeamenduan eztabaida izango dugu, baina gure ikuspuntuak ez dira guztiz kontrajarriak. Hori bai, duela bi legealditik datozen arazoak ere baditugu. Adibidez, ikastola ondoko hotelaren inguruko erreklamazio bat. Eraikina banku batena da eta hotelaren promotoreek udalaren aurka jo dute, duela bi legealdi hotela ikastolari ematearen truke lizeo ondoan etxeak egiten utziko zietela agindu zietelako antza denez. Baina udaletxean ez dago horren inguruko paper bakar bat ere. Orain bi legealdi egindakoek, udala urte askotarako kondenatu dute. Udalak bi milioi zituen hartu zutenean eta bi milioiko zorrarekin eta beste arazo batzuekin utzi zuten.
Bestelakoan, nola ikusten duzu herria?
Gure buruan gehiago sinistea falta zaigu. Zumarraga hobeto dagoela esateko joera du zenbait jendek eta hori ez zaigu komeni, espiral ezkor batean sartuko baikara. Denon artean herria hobetzeko aukera polita dugu. Profil baxuko alkatea naiz, baina arnas luzekoa.
Zumarraga aipatu duzu. Bi udalen arteko harremanetan zer hobetu ba al dago?
Nire lanaren zati garrantzitsu bat Zumarragako alkatearekin harreman ona izatea da, bi herrion onerako. Ziur aurreko alkateak ere horretan saiatu direla. Mikelen eta bion arteko harremana ona da, nahiz eta oso ezberdinak garen. Ia egunero hitz egiten dugu eta orain arte gustura nago dugun harremanarekin.
Beste zer edo zer aipatu nahi al duzu?
Memoriaren gaia ere landu nahi dugu. Ez da erraza. Hori dela eta, beharbada alderdiak kanpoan gelditu behar dira. Herritarren egitasmoa izatea nahiko genuke, eta instituzioek laguntza lana bakarrik egitea. Lan handia dago egiteko: enpatia sortu… Urretxun bi hildako egon ziren. Ez zen abiapuntu txarra izango azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean, biak gogoratzea. Nire ustez, aukerak badaude. Orain urte batzuk baino une egokiagoa bizi dugu.